Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen eskaerekin bat egin du Julian Barrenetxea abesbatzak

Julian Barrenetxea abesbatzako kideak, iaz, ateratako argazki batean.

Joan den udazken hasierako epe labur bat kenduta, entseatu ezinda eta kontzertuak eman gabe urtebete pasa darama dagoeneko Azpeitiko ahots zurien taldeak, eta bere egoera berean dauden dozenaka abesbatzarekin batera, jarduera berreskuratzea nahi du.

Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak deituta, dozenaka abesbatza eta korutako kideak kalera irten ziren protestan joan den igandean, hiriburuetan eta hainbat herritan; joan den azarotik derrigortuta geldirik daudela salatu eta egoera hori zuzentzeko eskatu zuten herenegun, Kontuz bai, ixilik ez leloarekin. Talde profesionalek edota kontratupeko emanaldiak egiten dituztenek ez bezala, abesbatza amateurrek –gehienek, alegia– ezin dute ez entseatu, ez kontzerturik eman joan den azaroaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek hala zehaztuta.

Julian Barrenetxea abesbatzakoek ez zuten parte hartu igandean Donostian egin zuten protesta-agerraldian, baina Arantxa Olaizola Barrenetxeako kideak azaldu du "bat egiten" dutela abesbatzen elkartearen eskaerekin, "Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko eta elkarteko kide" diren aldetik. Azarotik ez, urritik daude "geldi-geldirik" Barrenetxeakoak. 2020ko martxotik jarduna erabat etenda izan ostean, joan den udazken hasieran nolabaiteko normaltasuna berreskuratzeko itxaropena piztu zitzaion Azpeitiko ahots zurien koruari, baina ilusioak ez zuen asko iraun. Irailean entseatzen hasi ziren Barrenetxeakoak eta urrian kontzertua ematekoak ziren Donostian, baina ez ziren iritsi berragertzera. "Azkenean ezin izan genuen kontzertu hura eman. Azpeitia eremu gorrian sartu zen, Donostia ere bai, eta bertan behera gelditu zen", azaldu du Olaizolak.

Geldialdi luze honek kezka bat baino gehiago eragin die abesbatzei, eta horregatik egin zuten protesta asteburuan. Kezka horien artean dago talde askoren biziraupena bera; egoera honetan, abesbatza bat baino gehiago desagertzeko arriskuan daudela salatu dute, "batik bat txikiak, gurea bezalakoak", zehaztu du Barrenetxeako kideak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide