50. urteurrena bete du Urrakiko Igoerak, pandemiak baldintzatuta

Mireia Galarza eta Nerea Uranga 2021ko mai. 2a, 19:03

Iaz bete behar zuen 50. edizioa txirrindularien Urrakiko Igoerak, baina koronabirusaren etorrerarekin, bertan behera gelditu zen lasterketa. Urtebeteko atzerapenarekin, eta pandemiaren eraginpean, baina bete du mende erdia Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatzen duen lasterketa nagusiak.

Urrakiko Igoera txirrindularitza probaren 50. edizioa gaur jokatu dute eta Sinhue Fernandezentzat izan da garaipena. 23 urtez azpikoei eta Elite mailakoei zuzendutako lasterketak ibilbide berria estreinatu du mende erdiarekin, baina pandemiak baldintzatuta jokatu behar izan da proba; besteak beste, ikusleek ezin izan dute Urrakiko helmuga inguruan egon.

Jon Arruti Lagun Onak txirrindulari elkarteko presidente ordeak adierazi duen bezala, 50. urteurrena ospakizunetarako hitzordua izango litzateke berez, baina halakorik gabe joan da gaurkoa. Arrutiren adierazpenak eta lasterketako irudiak jasota daude bideo honetan.