Lizarte taldeko Sinhue Fernandezek irabazi du Urrakiko Igoeraren 50. edizioa

Nerea Uranga 2021ko mai. 2a, 15:46

Urrakiko Igoera txirrindularitza probaren 50. edizioa jokatu da gaur, ibilbide berria estreinatuz. Lasterketaren irabazlea Sinhue Fernandez (Asturias, Espainia) Lizarte taldeko txirrindularia izan da, eta bigarrena, denbora berarekin, Caja Rural taldeko Pablo Garcia madrildarra. Podiuma, Laboral Kutxa taleko Charles Etienne Chretien kanadarrak osatu du.

Abiatzen txirrindularitza txapelketaren barruan jokatu da gaur Urrakiko Igoeraren 50. edizioa. 180 txirrindularik zuten proban irteteko izena emanda, eta 92k bukatu dute lasterketa.

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak ibilbide berria (141,4 kilometro) estreinatu du gaurko lasterketan. "Urtetik urtera, Urrakiko ibilbideak hainbat aldaketa izan ditu, eta gure asmoa ahalik eta bide gehiena bailararen barruan egitea da. Aurten, Etumetatik Benta Berrira jaitsi eta handik Altzartetik Urrakira igoera eranstea izan da. Horrez gain, Urrestillatik igaro eta Lan Mobel enpresaren ondotik Goenarako igoera ere gehitu diogu ibilbidearen hasieran. Dena den, Urrakirako bi igoerak mantendu egin ditugu", azaldu du Jon Arruti Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko presidenteordeak.

09:30ean irten dute Urrakiko Igoerako parte hartzaileek Azpeitiko anbulatorioaren aurretik. Lasterketaren lehen zatian tropelean ibili dira txirrindulariak, eta ez da ihesaldi esanguratsurik izan. Urraki gainerako lehen igoeran, ordea, tropeletik ihes egin dute hiru txirrindularik: Sinhue Fernandezek, Pablo Garciak eta Xabier Berasategik. Urrakirako bigarren eta azken igoeran, baina, Garciak eraso egin eta aurrera egin du; Fernandezek atzeragotik jarraitu egin dio, eta Berasategi atzean gelditu da. Urraki gaineko helmugarako bi kilometroren faltan,  Fernandezek Garcia harrapatu eta esprintean bukatu dute proba. 50. Urrakiko Igoeraren irabazlea Nafarroako Lizarte taldeko Sinhue Fernandez (Asturias, Espainia) izan da, eta denbora bera eginda bigarrena Caja Rural taldeko Pablo Garcia (Madril). Hirugarren eginda, podiuma Charles Etienne Chretien Laboral Kutxako kanadarrak osatu du.

SAILKAPENA:
1- Sinhue Fernandez (Lizarte), 03:43:13
2- Pablo Garcia (Caja Rural), 03:43:13
3- Charles Etienne Chretien (Laboral Kutxa), 17 segundotara
4- Richard Rolando Huera (Caja Rural), 17 segundotara
5- Unai Iribar (Laboral Kutxa), 17 segundotara
6- Igor Arrieta (Lizarte), 17 segundotara
7- Alejandro Franco (Caja Rural), 24 segundotara
8- Imanol Alvarez (Eise), 31 segundotara
9- Jose Marin (Telo), 31 segundotara
10- Julen Arriola (Caja Rural), 31 segundotara

Mendiko saria: Sinhue Fernandez
Taldekako saria: Caja Rural-Seguros RGA