"Komunismoaren premia" aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak Maiatzaren Lehenean

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 2a, 11:57

Manifestazio jendetsua egin zuten atzo iluntzean Azpeitian, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta, Langileen Nazioarteko Eguna zela eta.

Maiatzaren Lehena "langile mugimenduaren tradizio iraultzailea" eta ""jendarte aske baten alde bizitza eman zuten militanteak" omentzeko eguna dela nabarmendu zuen atzokoan Kontseilu Sozialistak. Langile mugimenduaren "berraktibazioa" bultzatzearen beharraz ere hitz egin zuten, "Iraganeko esperientzia iraultzaileak erreminta kutxa" gisara ulertzen dituzte Kontseiluko kideek, "egungo borrokak argiztatzeko urrezko baliabide eta irakaspen modura": "Komunistok ezin dugu langile mugimenduaren iragana alboratu, XX. mendeko esperientzien porrot historikoaren zama gure gain hartzea deserosoa suertatzen bada ere".

Koronabirusaren pandemiak ekarri duenaz ere aritu zen Kontseilu Sozialista Maiatzaren Lehenean. Pandemiak "krisialdi ekonomikoa eta horrek berekin dakarren proletarizazio prozesua bizkortu" dituela iritzi dute kontseilukideek, baita "gaixotasunaren aitzakiapean, oligarkia internazionalak proletalgoaren bizi-baldintzak 'modernizatu'" dituela ere. "Osasun hondamendia, bizi-baldintzen okertzea eta proletalgoaren askatasunen deuseztapena" dira, Kontseilu Sozialistarentzat, azken urte honek langileei ekarri dien "kalte ordaina", eta ondorio horien aurrean "euren burua langileriaren ordezkaritzat duten sozialdemokrata etsituek darabilten estrategia" salatu dute: "Funtsak babestu dituzte, salbuespen estatua eta askatasun zibil eta politikoen ezabapena bultzatzen ari dira, Espainiako Estatua indartzen dihardute eta euren eguneroko jarduna komunisten eta, orokorrean, disidentziaren seinalamendua eta bazterketa soziala sustatzean oinarritzen da".

Irakurketa hori eginda, "komunismoaren premia" aldarrikatu zuten atzo Urola Erdiko Kontseilu Sozialistakoek. "Egoera honetan proletalgoak esperantzarik izango badu, antolakuntza komunista indartzetik abiatu behar du nahitaez", adierazi zuten. "Komunismoaren emergentzia kapitalismoak langileei bizitza duin bat emateko dituen mugetatik justifikatzen" da, kontseilukideen aburuz. "Jardun politiko guztia kapitalismoaren kritikatik abiatu behar dela" nabarmendu dute, eta "komunismoaren ideia egitate bihurtzea betebehar" gisa jarri diote euren buruari, "Maiatzaren Lehenaren esanahiari egin ahal dioten "ekarpen historiko zuzenena" hori dela ulertuta.

(Argazkiak: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)