Azken txanpan markagailua irauli eta urrezko garaipena lortu du Lagun Onakek

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 2a, 09:30
Atzo neurketa bukatu berritan hartutako irudia. (Lagun Onak)

2 eta 1 irabazi zion atzo Garmendipen Balmasedari gizonezkoen talde nagusiak, Beñat Urangak 87. minutuan eta Ekhi Gonzalezek 90.ean sartutako golei esker.

Hutsik egin gabe jarraitzen du Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiak Espainiako Hirugarren Mailari eusteko fasean. Ligaren lehen faseko hogei jardunaldietan hiru garaipen besterik ezin izan zituen lortu Azpeitiko taldeak, baina jaitsiera saihesteko lehia zuzena hasi zenetik lautik lau garaipen lortu ditu.

Laugarren garaipena azken-azken txanpan eskuratu zuen atzo Ander Avellanedak zuzentzen duen taldeak. Garmendipen, 2 eta 1 irabazi zion Balmasedari, baina punturik batu gabe gelditzeko zorian egon zen Lagun Onak. Izan ere, lehen zatiko ordu erdiaren bueltan aurrea hartu zuen Balmasedak markagailuan eta abantaila horri eustea lortu zuten bizkaitarrek ia atzeneraino. Hiru minututan irauli zuen markagailua Lagun Onakek: 87. minutuan egin zuen banakoa Beñat Urangak, eta 90.ean sartu zuen garaipenaren gola Ekhi Gonzalezek, etxekoentzat urrezkoa den garaipena ahalbidetuz.

Neurketa polita jokatu zuten Lagun Onakek eta Balmasedak. Lehen zatian batzuek eta besteek izan zituzten aukerak, baina kanpokoek batean asmatu zuten bezala, etxekoek ezin. Bigarren zatia ere lehendabizikoaren ildotik hasi zen. Balmasedak izan zuen lehendabiziko aukera garbia, baina ez zuten asmatu bisitariek. 62. minutuan gola egin zuen Geretak, baina jokoz kanpo zegoen eta banakorik ez zen etorri jokaldi horrekin. Minutuak aurrera zihoazen eta Lagun Onakek golaren bila jarraitzen zuen, aukerak sortu, baina ezin asmatuta, eta tartean sustoren bat hartuz ere bai. Bazirudien etxekoen ahaleginek ez zutela inolako saririk izango, baina azken minutuetan zoramena, poza eta lasaitasuna iritsi ziren Avelladenaren gizonentzat.

Atzokoekin, 27 puntu ditu Lagun Onakek eta mailari eusteko borrokan ari diren hamarren multzoko hirugarrena da sailkapenean, fase honetako lehen lau jardunaldiak jokatu ondoren. Hamarretik sei zuzenean jaitsiko dira mailaz, eta azken seigarrenaren –Durango– adina puntu ditu uneotan Lagun Onakek. Bosgarren jardunaldian Ondarroako Aurreraren zelaian jokatuko du Azpeitiko taldeak; multzoko laugarrena da Aurrera, Lagun Onakekin puntuetan berdinduta.