Langileen aldeko aldarria defendatu dute dozenaka herritarrek

Mireia Galarza Bastida 2021ko mai. 1a, 14:30

LAB sindikatuak antolatuta, langileen borrokaren aldeko mobilizazioa egin dute Maiatzaren Leheneko eguerdian. Aldaketa da aukera, norabidea aldatzera goaz lelopean, indarrean dagoen sistema aldatu behar dela aldarrikatu dute, haien hitzetan "sistema ezin baita sostengatu ez sozialki, ez ekologikoki ere".

LAB sindikatuak antolatuta, langileen borrokaren aldeko mobilizazioak egin dituzte gaur, Maiatzaren Lehenean, eskualdeko herrietan, tartean Azpeitian. Eguraldiak lagundu ez badu ere, dozenaka herritar elkartu dira eguerdiko mobilizazioan. 

"Garrantzitsutzat" jo dute LAB sindikatuko kideek gaurko eguna, eta Aldaketa da aukera, norabidea aldatzera goaz lelopean, indarrean dagoen sistema aldatu behar dela defendatu dute, haien hitzetan "sistema ezin baita sostengatu ez sozialki ez ekologikoki ere".

Egoera aldatzeko, "eredu zaharretik eredu berrirako trantsizioa" egin behar dela nabarmendu dute, "trantsizio ekosozialista eta feminista", alegia. LABeko kideen arabera, Euskal Herrian aldaketak borrokatzen ari gara, besteak beste, "zerbitzu publikoak indartzeko borroka eginez edo zaintza lanak aitortuz". Hurrengo pausoa borroka horiek elkartu eta bultzada berria ematea dela nabarmendu dute: "Momentuak greba eta mobilizazio berriak eskatzen ditu. Momentuak Greba Orokor bat eskatzen du, eta LAB prest dago Greba Orokorrari buruz hitz egiten hasi eta bide horretan adostasunak bilatzeko". 

Aurten hil diren langileak ere ekarri du gogora LABek, baita Pow eta Gotzon preso politikoak ere. Joaquin Beltranen gorpuak Zaldibarko zabortegian desagertuta jarraitzen duela ere gogorarazi du.