Koronabirusa Azpeitian

Positibotasun tasak behera egin du Hego Euskal Herrian

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 1a, 14:20

14.247 test diagnostiko egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta positibotasun tasa %7,3tik %6,8ra jaitsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,6tik %5,5era Nafarroan. Gainera, atzo ez zuten inor ospitaleratu beharrik izan Osakidetzako Zaintza Intentsiboko Unitateetan. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Nafarroako Osasunbideak jakinarazi dituzte atzo, ostirala, Hego Euskal Herrian egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Denera, 929 lagunek eman zuten positibo atzokoan, guztira egindako 14.247 test diagnostikotan. Bezperan 646 test gutxiago egin zituzten –13.601– eta positiboak ere gutxiago izan ziren, baina aldea txikia da –892 pertsona, hau da, 37 gutxiago–. Hala, jaitsi egin da positibotasun tasa, %7,3tik % 6,8ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,6tik %5,5era, Nafarroan.

Lurraldeka, Araban 78 positibo berri zenbatu zituzten atzo, Bizkaian 400, Gipuzkoan 281, Nafarroan 160 eta beste erkidego edo toki batzuetako hamar kasu ere baieztatu zituzten, bestalde.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 95 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta gaitza duten 189 pertsona daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan; aurreko eguneko kopuru bera da hori.