Ekintzaileek laguntzak eskatzeko epea ireki du Lanbidek

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 1a, 09:35

Urola Erdiko udalerrietako ekintzaileei zuzendutako laguntza eskaera guztiak Azpeitiko Udalak kudeatuko ditu eta maiatzaren 18ra arte aurkez daitezke horiek, udaletxean.

Eskualdeko ekintzaileei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea ireki du Lanbide enplegu zerbitzuak. Azpeitiko ekintzaileenak ez ezik, eskualdeko osokoen eskaerak kudeatzeaz arduratuko da Azpeitiko Udala. Beraz, udaletxean aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek beren proiektuak eta eskaerak, maiatzaren 18ra bitartean.

Bi motatako laguntzak izendatu ditu Lanbidek: negozio ideia bat duten ekintzaleentzako lerroa, batetik: eta bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten eta jarduera abian jartzeko azken bultzada behar duten ekintzaileei bideratutakoa, bestetik.

Negozio bat abiatzeko ideia dutenen kasuan, bi hilabetez negozioaren azterketa lantzeko konpromisoa eskatzen da deialdi honetan, eta adinaren eta generoaren arabera, onartutako eskaerek 1.000 eta 1.300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute. Urola Erdian aurkezten diren eskaeren artean, gehienez zortzi onuradunen proiektuak lagunduko ditu Lanbidek.

Jarduera abian jartzeko laguntzari dagokionez, hiru hilabeteko dedikazioa eskaintzeko konpromisoa eskatzen da, eta epe hori amaitu ondoren enpresa abian jartzekoa ere bai. Hori horrela gauzatzen bada, eta adinaren eta generoaren arabera, 1.500 eta 1.950 euro bitarteko laguntza jasotzeko aukera izango dute beste zortzi ekintzailek.

Onartutako ideien eta proiektuen tutorizazio prozesua maiatzaren 21ean hasiko da.