Zaintzaren ertzak jorratu dituzte herriko hainbat adinekok

Ihintza Elustondo 2021ko api. 30a, 15:53

Baigerak antolatuta, Zaintzaren arkitektura jardunaldia egin dute gaur Basazabalen. 30 bat lagunek parte hartu dute, eta zahartzaroaren eta zaintzaren ereduak landu dituzte.

Zaintzaren arkitektura jardunaldia egin dute gaur Basazabal jauregian, Irati Mogollon soziologoak gidatuta. Baigera jubilatuen elkarteak antolatu du saioa, eta 30 bat lagunek parte hartu dute bertan, 10:00etan hasita. Azpeitiko Udalak etxebizitza tutelatuak egiteko proiektua jarri du martxan, eta horren harira egin dute jardunaldia, zahartzaroaren eta zaintzaren ereduak lantzeko.

Lehenik eta behin, zahartzaroaren mitoak eta errealitatea aztertu dituzte, baita XXI. mendeko erronkak ere. Ondoren, lantaldeetan bildu dira, eta zer behar dituzten identifikatu dute; aukerak eta oztopoak zerrendatu dituzte. Amaitzeko, aukera horiei heldu eta eredu berri bat eraikitzeko oinarriak izan dituzte hizpide.