Koronabirusa Azpeitian

Eremu laranjatik gero eta gertuago dago berriz ere Azpeitia

Andoni Elduaien 2021ko api. 30a, 13:49

519,05eko intzidentzia tasa du Azpeitiak, eta gero eta gertuago du eremu gorria uzteko Jaurlaritzak zehaztutako 400eko langa. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak astelehenean eguneratuko du eremu gorrian dauden herrien zerrenda, eta orduan jakingo da Azpeitiak beste astebetez perimetralki itxita jarraituko duen edo ez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman du atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboen berri. Atzo bezala, gaur ere beste lau positibo baieztatu zituzten Azpeitian. Hori horrela, joan den ostiraletik atzora bitartean 33 kasu detektatu ditu Osasun Sailak herrian.

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak Azpeitian goia jo duela dirudi grafikoari erreparatuta; izan ere, beheranzko bidea hartu du azken egunetan. 611,04koa zen intzidentzia tasa joan den astelehenean, eta gaur-gaurkoz 519,05ekoa da zenbatekoa. Ia 100 puntu egin du behera aste honetan tasak. Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean eguneratuko du eremu gorrian dauden herrien zerrenda, eta orduan ikusiko da Azpeitia 400eko tasatik behera edo gora dagoen.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, guztira 51 kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Azken egunetako joerari eutsiz, Zarautzen detektatu dituzte positibo gehien: hamasei guztira. Hori horrela, 1.293,53ko intzidentzia tasa dute han; izan ere, astebean 135 kasu detektatu dituzte han. Zarautzen ostean Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehien. Hamar positibo izan ziren atzo han –59 astebetean–. Intzidentzia tasak behera egin du Azkoitian azken astean, eta egun 1.068,18koa da tasa.

Eta Azkoitiaren atzetik Zumaian detektatu dituzte positibo gehien. Bederatzi positiboren berri eman du Osasun Sailak, eta gainera, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena dute han. 1.302,53ko kasu metatuen tasa dute Zumaian azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko; izan ere, 62 positibo jakinarazi ditu astebean Osasun Sailak. Orion ere positiboek gora egin dute herenegundik. Zazpi kasu atzeman zituzten atzo egindako PCR eta antigeno testetan. 962,17koa da intzidentzia tasa han, astebetan hogei kasu zenbatu eta gero. 

Zestoan, Aizarnazabalen eta Getarian ere detektatu zituzten atzo positiboak. Zestoan hiru baieztatu zituzten –hamabi astebetean–, eta bana Aizarnazabalen eta Getarian –zortzi eta bederatzi kasu astebetean, hurrenez hurren– . Hiru herriak eremu gorrian daude, eta baita Aia ere. Han atzo ez zuten positiborik hauteman, baina hamar kasu zenbatu dituzte joan den ostiralaz geroztik. 

Milako langaren azpitik

Atzo, 13.601 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira 952 kasu positibo zenbatu zituzten: 83 Araban, 368 Bizkaian, 349 Gipuzkoan eta 144 kasu Nafarroan. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %6,9koa izan zen atzo.

Ospitaleen egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du atzo 96 pertsona ospitaleratu zituztela "COVID-19aren ondorioz". Era berean, 189 pertsona daude gaur-gaurkoz Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn. Osakidetzako erietxeetan 520 pertsona daude egun ospitaleratuta. Bestalde, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea behera egiten ari da, eta egun 0,94an dago.