Martxan da 39. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa

Anartz Izagirre 2021ko api. 30a, 14:05

Maiatzaren 3tik 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dira kartelak lehiaketara, udaleko Kultura Sailean. Hiru pertsonak osatutako epaimahaiak aukeratuko du kartel irabazlea, eta lanaren egileak 900 euroko saria jasoko du. Bestalde, udalak jendaurreko erakusketa egingo du lehiaketara aurkeztutako kartel guztiekin. Ekaineko bigarren hamabostalditik aurrera jakinaraziko dute irabazlearen izena.

Urtebeteko etanaldiaren ostean, bueltan da Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa, eta astelehenean, maiatzak 3, irekiko da kartelak bidaltzeko epea. Azpeitiko Udalak azaroan egingo diren topaketak —39. edizioa da aurtengoa— iragartzeko kartela aukeratuko du lehiaketa horren bitartez, eta irabazleak 900 euroko saria eskuratuko du. Maiatzaren 31ra arte izango da lanak bidaltzeko aukera —egun hori barne—, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era bitartean. Udaleko Kultura Sailean aurkeztu beharko dira kartelak, eta argibideak behar dituenak, 943-15 70 69 telefono zenbakira deitu dezake.

Lehiaketaren oinarriei dagokienez, egile bakoitzak gehienez bi kartel aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, eta horiek jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. Neurriei dagokienez, berriz, 450mm-ko zabalera eta 680mm-ko altuera izan beharko dute kartelek, eta horiek, ezinbestean, luma kartoiaren gainean joan beharko dute, kristalik gabe. Paperezko euskarrian ez ezik, euskarri digitalean ere aurkeztu beharko da kartela; hau da, CD batean gorde behar da lana, JPG edo TIFF formatuko bi artxibotan, bata 72 dpi-tan, eta bestea, 300 dpi-tan —azken hori 5mm-ko koskarekin—. Alderdi teknikoari dagokionez, berriz, hautazkoa izango da teknika zein kolorea, baina honako hitz hauek agertu beharko dute kartelean: "Azpeitia 39 Euskal Antzerki Topaketak 2021eko udazkena".

Lanak sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira, baina egilea identifikatzeko lema bat idatzi beharko da kartelaren atzealdean nahiz CDean. Horrez gain, kartelarekin batera gutunazal itxi bat aurkeztu beharko da, eta gutunazal horren kanpoaldean kartelean idatzitako lema bera jarri beharko da. Honako datuek agertu beharko dute gutunazal horretan: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, e-posta helbidea eta jaiotze data. Era berean, aitorpen bat sinatu beharko da, eta bertan, aurkezten den lana jatorrizkoa eta argitaratu gabea dela zehaztu beharko da.

Epaimahaiaren saria

Sari bakarra egongo da kartel lehiaketan, Epaimahaiaren saria. Kartel irabazlea soilik sarituko da, eta lan horren egileak 900 euroko saria jasoko du. Epaimahaia hiru adituk osatuko dute, eta honako irizpide hauek izango dituzte kontuan kartela baloratzerakoan: sormena, kalitate grafikoa nahiz plastikoa, deigarritasuna, eta erreproduzitzeko nahiz editatzeko erraztasuna. Edonola ere, epaileek saria eman gabe utzi ahal izango dute, aurkezten diren lanek behar adineko kalitaterik edo baliorik ez dutela iritziz gero.

Irabazlearen izena ekaineko bigarren hamabostalditik aurrera jakinaraziko du udalak, bere webgunean eta prentsa ohar bitartez. Bestalde, erakundeak jendaurreko erakusketa ezarriko du lehiaketara aurkeztutako kartel guztiekin, eta saria irabazten ez duten lanen egileek beren kartelak jasotzeko aukera izango dute, lana aurkeztu zuten leku berean, uztailaren 15a baino lehen.

Honako lotura honetan irakur daitezke kartel lehiaketaren inguruko oinarri eta betebehar guztiak.

Urtebeteko etena

Joan zen urtean, topaketen irudia aukeratzeko udalak urtero antolatzen duen kartel lehiaketarik ezin izan zuten egin, COVID-19aren krisialdiak bete-betean eragin baitzuen prozesu horren ohiko egutegian ere; udala bera arduratu zen kartelerako irudia egiteaz. 37. edizioa iragartzeko kartel lehiaketaren irabazlea, berriz, Elena Marguello izan zen.