Iagomago: "Pandemia garaian ikasitako ilusio-jolasekin osatu dut 'Serendipia' ikuskizuna"

Maialen Etxaniz 2021ko api. 30a, 12:01
Iagomago, Gaztetxean eskainitako emanaldi batean. (Azpeitiko Gaztetxie)

Iago Azkueren (Azpeitia, 2003) atzean ezkutatzen da Iagomago, edo, agian, alderantziz. Serendipia du izena mago azpeitiarraren azken ikuskizunak, eta gaur arratsaldean aurkeztuko du Azpeitiko Gaztetxean, 18:00etan hasita. Gazte Astearen barruan antolatu dute emanaldia, eta sarrerak salgai daude Haginpen.

Ikuskizun berria aurkeztuko duzu gaur arratsaldean. Noiz eta nolatan sortu zen Serendipia?

Serendipia pandemia garaiotan sortutako ikuskizuna da. Pandemia iritsi aurretik beste proiektu bat genuen, baina koronabirusa tarteko atzean gelditu zen. Itxialdian eta pandemia garaian sortutako eta ikasitako ilusio-jolasekin osatu genuen Serendipia ikuskizuna. Ordubete inguruko emanaldia da, haurrei nahiz helduei zuzendutakoa. 

Pluralean mintzo zara. Iagomagoz gain, beste norbait al dago ikuskizunaren atzean?

Pluralean hitz egiten dut hainbat pertsonak lagundu didatelako ikuskizuna sortzen. Hau da, ez da nik bakarrik sortutako zerbait; laguntzaile oso onak izan ditut alboan. 

Zergatik Serendipia

Bila ibili gabe aurkitutako gauza baliotsu edo garrantzitsua da serendipia; niretzako hori izan zen magia. Zazpi urte nituela oparitu zidaten Magia Borras kutxa, eta orduan hasi zen magiarenganako dudan afizioa.

Orain arte eskainitakoekin alderatuz, berezia al da labetik ateratzear zauden ikuskizuna?

Bai, berezia da, baina gehienbat niretzako; izan ere, ikuskizun berrian egingo dudan magia formatua pixka bat desberdina da. Gertuko magia egitea erabaki genuen, eta teknologia aprobetxatuz, gertuko magiaren bueltako jolasak pantailan proiektatuko ditugu. Modu horretan, denek izango dute gertuko magia ikusteko aukera. 

Pandemia tarteko, denbora luzez geldirik egon dira formatu txikiko kultur emanaldiak. Oholtzetara igotzeko gogoz izango zara, ezta?

Noski. Ikuskizunak eskaintzera itzultzeko eta sortutakoa jendearekin elkarbanatzeko gogoz nago. Gainera, baditugu proiektuak esku artean... Beraz, oso gogotsu gaude, bai. 

Mezu bat gaurko emanaldira bertaratu nahi dutenentzat: 

Jendea animatuko nuke gaurko hitzordura, Gaztetxean etxe-giro jatorra egoten delako, oso ondo pasatuko dugulako eta ordubetez magia mundura bidaiatuko dugulako.