Irati Mogollon: "Pertsona helduek ahots propioarekin hitz egiten hasi behar dute"

Ihintza Elustondo 2021ko api. 30a, 10:30
Irati Mogollon. (Utzitakoa)

‘Zaintzaren arkitektura’ jardunaldia gidatuko du gaur Irati Mogollonek, 10:00etan hasita, Azpeitiko Basazabal jauregian. Baigerak antolatu du saioa, zahartzaroaren ertzak jorratzeko. 

Azpeitiko Udalak etxebizitza tutelatuak egiteko proiektua jarri du martxan, eta horren harira, zahartzaroaren eta zaintzaren ereduak lantzeko jardunaldia gidatuko du gaur Irati Mogollonek (Lezo, Gipuzkoa, 1991) Azpeitian.

Zein da egungo egoera adinekoen zaintzari dagokionez?

Azken hogei urteotan egoera berbera daukagu, baina gertatzen dena da baldintza horiek ez direla azaleratu mundu mailako pandemia bat egon arte. Zahartzaroaren bizi eredua aldatu egin da; gaur egun ez gara zahartzen aurreko belaunaldiak bezala. Izan ere, lehengo belaunaldiek eta oraingoek ibilbide oso ezberdinak ditugu: pertsona zaharrengan pentsatzean, Espainiako Estatuko barrualdetik migratu zuten nekazariak etortzen zaizkigu burura. Gaur egun zahartzen ari direnek unibertsitate ikasketak dituzte, atzerrian bizitzen egon dira, agian ez dira ezkondu… Ez dira senarra hiltzean beltzez janzten direnak eta Manolo Escobar entzuten dutenak. Baina gure eredua oraindik horren arabera eraikia dago, eta hori eraldatzeko garaia heldu da.

Beraz, momentu egokia da eraldaketa hori gauzatzeko?

Ez, uste dut momentu egokia duela 30 urte zela. Iruditzen zait etxeko lanak egin gabe ditugula eta horren ondorioak bizitzen ari garela. Baina herri honetan horrela funtzionatzen dugu: suarekin erretzen garen arte ez gara konturatzen sua pizten hasia zegoela. Ikerlariak zahartze prozesuez hitz egiten ari dira azken 30 urteotan, eta eraldaketa eta trantsizio beharra nabarmentzen dute; eredu berriak behar direla diote. Zoritxarrez, hemen frankismoa bizi izan genuen, eta baby boom-a 30 urte geroago etorri zen; horregatik, Europa guztira baino beranduago iritsi da gizarte zaharkituen eredua gurera. Dena dela ere, ez gara gai izan beste herrialdeetan zeuden ereduak aprobetxatzeko eta geureganatzeko. Orain, larritasun egoera batean gaude, sua nonahi dago, eta halako egoera batean zailagoa da gauzak eraldatzea.

Gaur egungo egitura aldatu beharra dagoela aipatu duzu. Zer gabezia ditu zaintzaren ereduak?

Familia eredua gailentzen da hemen, eta, beraz, norberak daukan familiaren arabera jasoko du era bateko ala besteko zaintza. Halere, denok eduki beharko genuke eskubidea baldintza berdinetako zaintza jasotzeko. Egun, zaintza ereduaren atal handiena modu informalean garatzen da, eta horrek hainbat ondorio ditu: bakardade ez hautatua, oso egoera larrietan bakarrik jasotzen diren etxeko zerbitzuak, zaindu beharrean artatu egiten duten ereduak… Esaterako, adineko bat zahar etxera sartzen denean, ez diote uzten lehen bezala bizitzen: zehaztu egiten diote zer ordutan esnatu behar duen, noiz gosaldu nahiz oheratu behar duen… Hori ez da gure bizi ohituretara egokitzen den egitura bat; gu geu, zaintza baten izenean, egokitu behar gara instituziora, eta hori oso gogorra egiten da. Eta senitartekoentzako beste hainbeste: erruduntasuna, kezka eta abar sentitu ohi dituzte. Gauzak badaude hobetzeko.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.