Corrugados berrirekitzeko "bere esku dagoen guztia" egiteko eskatu dio PSE-EEk Azpeitiko EH Bilduri

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 29a, 17:00

Corrugados Azpeitiaren lantegia berriro martxan jartzearen balizko aukerak piztu duen adierazpen eta iritzi sokak ez du etenik. Gaiaren inguruan EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako mozioak eztabaidatu eta bozkatu zituzten herenegungo udalbatzarraren ondoren, eztabaida horren harira eta Udal Gobernuaren jarrera gogor kritikatuz idatzia argitaratu du Azpeitiko EAJk. Eta duela gutxi igorritako prentsa ohar bidez, Gipuzkoako PSE-EE ere batu da sokara.

Hain zuzen ere, Eneko Andueza Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusia izan da Corrugadosen aferaz adierazpenak egin dituena. Azpeitiko EH Bilduri zuzendu zaio Andueza. Duela zortzi urte itxi zen lantegiari "bigarren bizitza" emateko aukera ireki dela iritzita, Corrugados berriro martxan jartzeko "bere esku dagoen guztia" egiteko eskatu dio Anduezak Azpeitiko EH Bilduri.

Gipuzkoako sozialisten buruak dio "aukera handi baten aurrean gaudela" eta Corrugadosen balizko berrirekitzeak "ilusioa" piztu duela, Azpeitian ez ezik, "Gipuzkoan eta Euskadin" ere. Enpresa berrabiarazteak lanpostuen sorreran izango lukeen inpaktua nabarmendu du Anduezak, "200 lanpostu zuzen eta zeharkako ia 700 sortzeaz hitz egiten ari baikara".

Udal Gobernuaren ardura

"Erakundeek elkarrekin lan egiteko" eskatu du Anduezak. Corrugadosena bezalako kasuetan "ingurumen legea betetzeko betebeharra eta lanpostuen sorrera bultzatzekoa" uztartzea izan behar da erakundeen egitekoa. Horren harira, herenegungo udalbatzarrean " zoritxarrez elkar ulertzera iritsi ez izana eta Corrugados berriro irekitzeko aukeraren aurrean jarrerak hurbildu ez izana" deitoratu du.

Erakundeen ardurarekin jarraituta, "Corrugadosen produkzio jarduera berriro sustatzeko aukera ikusita, Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, bakoitzak bere erantzukizunetik, proiektu hau bultzatzeko unea dela" uste du Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak. Anduezarentzat, baina, Azpeitiko Udal Gobernuari dagokio erantzukizun nagusia, eta EH Bilduren jarrera kritikatu du. "Aukera leiho bat irekitzen denean, gipuzkoarrok berriz ere EH Bilduren ezintasunarekin topo egiten dugu", adierazi du Gipuzkoako sozialisten buruak. "Ulergaitza eta zentzugabekoa iruditzen zaigu, COVID-19ren pandemiak eragin duen jarduera ekonomikoaren murrizketaren ondorioz krisi ekonomikoaren okerrena pairatzen ari garen honetan, langabeziaren hazkundearekin, EH Bilduren Udal Gobernuak aukera hori pasatzen uztea", gaineratu du Anduezak, baita "aukera galtzea lotsagarria" litzateekela ere. Eta Nagore Alkorta alkateari ere zuzendu zaio Andueza, "Corrugadosen produkzio jarduerari berrekitea babesten duen edo ez argi esan dezan" galdeginez.