111 Akademia Saria irabazteko atarian gelditu da Joxean Agirre

Anartz Izagirre 2021ko api. 29a, 16:25
Joxean Agirre.

Pello Lizarralde zumarragarrak lortu du aurtengo 111 Akademia Saria Argiantza liburuarekin, eta Joxean Agirre finalista izan da Nobela errealista bat nobelarekin. 117 akademiakidek parte hartu dute 2020ko sariduna izendatzeko bozketa txandetan.

Joxean Agirre 111 Akademia Saria irabazteko atarian gelditu da. Duela hilabete batzuk eman zuen 111 Akademiak aurtengo saria jasotzeko hautagaien zerrenda, eta horien artean zegoen Azpeitiko idazlea, Nobela errealista bat liburuarekin. Guztira, 2020. urtean euskal literaturak emandako uztatik bost izan dira irakurleen libururik gogokoenak: Agirreren lanaz gain, Pello Lizarralderen Argiantza, Luis Garderen Aireportuko musika, Uxue Alberdiren Dendaostekoak eta Idoia Garzesen Mendiko gaitza. Bost liburu horien egileek ez zuten jaso saria zuzenean eskuratzeko beharrezkoa zen botoen %40a, eta, beraz, boz gehien jaso zituzten bi idazleak igaro ziren finalera: Agirre eta Lizarralde. Azkenean, ordea, Lizarralderentzat izan da saria, eta ekainaren 10ean egingo dute jendaurreko sari banaketa ekitaldia.

202 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 117k parte hartu dute 2020ko sariduna izendatzeko 2021eko urtarrila eta apirila bitartean eginiko hiru bozketa txandetan. 

Sari ezaguna Agirrerentzat

Azpeitiko idazlea duela urte batzuk ere izan zen 111 Akademia Saria irabazteko hautagai. Hain zuzen ere, 1996. urtean berak irabazi zuen saria Elgeta liburuarekin —orduan Beterri Liburua moduan ezagutzen zen sariketa, eta hura izan zen lehen edizioa—. Honako lotura honetan irakur daiteke Distira eta alderantzia liburua plazaratzeagatik Urola Kostako Hitzak Agirreri egindako elkarrizketa. Bertan idazleak azaltzen duenez, "asko" gustatzen zaion saria da 111 Akademiarena.