Udalak 500.000 euro bideratuko ditu herriko ekonomia sustatzera

Sektore guztiei laguntzeko asmoa agertu dute udal ordezkariek, baina, batez ere, bi kontu nabarmendu dituzte: batetik, aurten ahalegin berezia egingo dutela COVID-19ak gehien kolpatu dituen sektoreak laguntzeko; eta bestetik, kontratazioak sustatu nahi dituztela, bereziki industriako lanpostuetan ariko diren emakumeenak.

Herriko ekonomia sustatzeko 500.000 euroko laguntzak emango ditu udalak aurten. Udal ordezkariek aho batez hartu zuten erabakia herenegun egindako udalbatzarrean, eta atzo arratsaldean Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga eta Josu Labaka zinegotziek azaldu zituzten laguntzen nondik norakoak, udaletxean egindako agerraldian. Sektore guztiei laguntzeko asmoa agertu zuten, baina, batez ere, bi kontu nabarmendu zituzten: batetik, aurten ahalegin berezia egingo dutela COVID-19ak gehien kolpatu dituen sektoreak laguntzeko; eta bestetik, kontratazioak sustatu nahi dituztela, bereziki industriako lanpostuetan ariko diren emakumeenak. Datu bat: Azpeitiko langabezia tasa %8,5ekoa zen martxoan; %6,7koa zen gizonezkoena eta %10,6koa emakumezkoena.

Aurtengo laguntzak lau lerro nagusitan bereizi ditu udalak, eta honakoak dira:

  • Lehen sektorerako eta zerbitzuetarako laguntzak. Pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreak direla iritzita, lerro honetara bideratuko du diru kopururik handiena: 200.000 euro, aurreko urteetakoaren bikoitza. Batetik, lehiakortasuna hobetzeko proiektuak lagunduko ditu: lokalak handitu edo berritzeko inbertsioak, negozio lerro berriak sortzea, proiektu berriak merkaturatzea eta abar. Bestetik, digitalizaziorako tresnak ezartzeko eta mantentzeko proiektuak. Hor sartzen dira webguneak sortzea eta berritzeak, sare sozialen kudeaketak, online salmentarako tresnak ezartzeak, ekipamendu informatiko berritzeak eta aurten, bereziki, TicketBAI sistema ezartzeak sor ditzakeen gastuak. Horiez gain, merkatu azterketak egitea, negozioen eskualdaketak eta antzerakoak gauzatzeko laguntzak emango ditu. Eta azkenik, COVID-19ak sortutako ondorio zuzenak arintze aldera, protokoloak betetzeko egindako inbertsioak lagunduko ditu eta alokairuko gastuei aurre egiteko laguntzak emango ditu. 
  • Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak sustatzeko laguntzak. 160.000 euro bideratu ditu lerro honetara. Besteak beste, enpresen dibertsifikazioa helburu duten digitalizaziorako proiektuak; instalazioetan, eraikinetan eta ekipamendu tekniko eta teknologikoetan egindako inbertsio handiak; energia berriztagarrien autokontsumorako egiten diren instalazio berriak; enpresa berrien irekierak; genero berdintasun planak; eta instalazioak emakumeentzat egokitzeko egindako inbertsioak lagunduko ditu udalak.
  • Ekintzailetasuna. 65.000 euro bideratuko ditu. Ideia berriak abian jarri nahi dituzten autonomo eta ekintzaile berriei urtebeteko autonomoen kuota ordainduko die udalak. Bereziki bultzatuko ditu ekonomia sozialarekin duen loturagatik herriarentzat interesgarritzat jotzen diren proiektuak.
  • Azpeitiarren kontratazioak. 75.000 euro bideratuko ditu. Era guztietako kontratazioak lagunduko ditu, aldi baterakoak zein mugagabeak. Kontratu motaren arabera, kontratatutako langile bakoitzeko 500 eta 2.000 euro arteko laguntza jasoko du kontratatzaileak. Hori bai, enpresak Azpeitikoa izan beharko du eta enplegatutako pertsonak azpeitiarra edo Azpeitian erroldatuko langabea. Bereziko lagunduko du 45 urtetik gorako emakumeen kontratazioa.  

Maiatzaren erdialdetik urriaren 15era bitartean eskatu ahal izango dira laguntzak, eta tramiteak gauzatzeko laguntza behar duten ekintzaileek zein enpresek Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo dezakete.

2013tik abian

Azpeitiko Udalak 2013an ekin zion herriko ekonomia sustatzeko laguntzak emateari, orduko krisi ekonomikoari erantzuteko helburuarekin. Alkortak gogorarazi zuenez, 2011n %11koa zen Azpeitiko langabezia tasa eta %17koa 2013ko abuztuan. "Gaur egun, berriz, osasun krisiak egoera ekonomikoa baldintzatu badu ere, martxoan %8,5ekoa izan da herriko langabezia tasa; eskualdeko, Gipuzkoako eta EAEko batez bestekoaren azpitik". Bide horretan, ekonomia sustatzeko laguntzak tresna garrantzitsua izan direla nabarmendu zuen; baita Goenagak ere: "Krisi ekonomiko bati aurre egiteko sortu ziren, ondoren langabeziaren gorabeherei aurre egiteko, orain osasun krisiak eragindako kalteei erantzuteko... Urtez urte bilakaera handia izan duten laguntzak dira. Baina beti helburu garbi bat izan dute: herriko ekonomia sustatzea, herrian jarduera ekonomikoa indartsu bat izatea eta udalak hori babestea. Horretarako, enpresek berrikuntzan, modernizazioa, garapenean eta digitalizazioan inbertitzea, eta horretan laguntzea da udalaren helburua. Izan ere, ekonomia indartsu bat badugu, hasi herriko negozio txikienetik eta enpresa handietaraino, horrek bermatuko digu enplegu duina eta kalitatezkoa izatea herritarrek".  

Iaz 102 laguntza eskaera jaso zituen udalak, eta horietatik 101 lagundu zituen: 30 merkataritza eta lehen sektoreetakoak; 29 industriako proiektu estrategikoak; 16 ekintzailetzako proiektuak; eta beste 26 kontrataziokoak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide