Berriz ere Azpeitian egin du geldialdia Hi Gazte! egitasmoak

Julene Frantzesena 2021ko api. 29a, 11:07

Nerabeen aisialdian euskara areagotzea du helburu Hi Gazte!-k, eta ikus-entzunezkoetan sakontzen dute horiek saioetan. Iraurgi Ikastetxeko kideek parte hartu zuten atzo Soreasun egindako saioan, eta Kai Nakai eta Maialen Sorzabalbere izan zituzten bidelagun.

Hi Gazte! dinamikaren beste saio bat egin zuten atzo, asteazkena, Azpeitian. Iraurgi Ikastetxeko ikasleek ikus-entzunezkoetan sakondu zuten, aurretik egindako saioetan bezelaxe. Izan ere, nerabeen aisialdian euskara areagotzea du helburu Hi Gazte!-k, batez ere, ikus-entzunezko edukien kontsumoari, hedapenari eta sorkuntzari lotuta. Atzokoan, Kai Nakaik eta Maialen Sorzabalberek sarerako ikus-entzunezkoak sortzeko kontuan izan beharreko hainbat jarraibide azaldu zizkieten ikasleei.

Hi Gazte! Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara departamentuak sustatutako dinamika da, eta Gipuzkoako eskualde ezberdinetako 14 eta 16 urte arteko neska-mutikoekin ari dira saioak egiten. Herri ugaritan egin dituzte saioak dagoeneko, eta atzokoa Azpeitian egindako bigarrena izan zen. Gipuzkoako eskualde bakoitzeko hiruna ikastetxe ari dira egitasmoan parte hartzen.