Euskal Errepublikaren aldeko mozioa aho batez onartu dute udalbatzarrean

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 28a, 17:42
Udal ordezkari guztiak eskua altxatuta, Euskal Errepublikaren aldeko mozioa bozkatzerakoan. (Mailo Oiarzabal)

Naziogintza Taldeak aurkeztutako mozioa da atzo onartu zutena, 1931ko apirilean udalak Euskal Errepublika aldarrikatuz onartutako mozioa gogoan.

Corrugadosen ingurukoak ez ziren izan atzo udalbatzarrean landu zituzten mozio bakarrak. 1931ko apirilaren 17an, duela 90 urte, Euskal Errepublika aldarrikatuz mozioa onartu zuten Azpeitiko Udalean, aho batez. Aldarrikapen hura gogoan, atzo Euskal Errepublikaren aldeko beste mozio bat onartu zuen Azpeitiko Udalak, Naziogintza Taldeak aurkeztuta; atzokoa ere aho batez onetsi zuten, duela 90 urtekoa bezala.

Azpeitian bezala, 1931ko apirilean Euskal Errepublika aldarrikatzeko mozioak udal ugaritan onartu zituztela azaldu du Naziogintza Taldeak, "Gipuzkoan eta Bizkaian, batik bat". Urte bereko apirilaren 14an aldarrikatu zuten Espainiako II. Errepublika. "Nahiz eta gurean 1931ko apirilaren 14ko data Espainiako Errepublikarekin lotuta egon, garai berean Euskal Herriko hainbat udaletan Euskal Errepublikaren eskaera ere burutu zen. Alkate eta zinegotzi abertzale batzuek ausardia izan zuten eta berezko errepublika bat eskatu zuten Euskal Herriarentzat", gogoratu du Naziogintza Taldeak. Azpeitian atzo onartu zuten mozioak "pasarte hori gogoratu eta bere gaurkotasuna azpimarratzen du, 90 urte geroago udaleko ordezkari politikoek berriro ere, aho batez, Euskal Errepublika aldarrikatu dutelako", gaineratu dute Naziogintzakoek ohar bidez.

Hau da udalak atzo onartutako mozioaren testua:

"1.931ko apirilaren 17an Azpeitiko Udalak, osoko bilkura batean eta aho batez, Euskal Er:republikaren aldeko mozioa onartu zuen. Espainiako monarkia erori berria zen, eta behin-behineko egoera hartan Azpeitiko ordezkari politikoek garbi azaldu zuten Euskal Errepublika bat nahi zutela Euskal Herriarentzat, autodeterminazio eskubidea ere aldarrikatuz, Erabaki horren berri eman zioten gero Espainiako Goberrruari.

Gure historia hurbileko pasarte ahaztu hori gogoratzeko eta gure memoria historikoa berreskuratzeko, Azpeitiko Udaleko gaurko ordezkari politikook, aho batez, gure aurrekoek duela 90 urte egin zuten eskaera hura berresten dugu gaur, eta Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat. lzan zirelako gara, garelako izango dira".