'Ni eta Gu. Zazpigarren uhina' olerki liburua plazaratu du Pako Aristik

Anartz Izagirre 2021ko api. 28a, 17:35
Pako Aristi, 'Ni eta Gu. Zazpigarren uhina' liburuarekin, Donostian. (Erein)

Itsasoa zein itsasgizonak ditu ardatz liburuak, eta Aristik aurkezpenean adierazi duenez, Getariako arrantzaleak izan ditu bidelagun liburua osatzerakoan. Urrestildarraren zazpigarren olerki liburua da Ni eta Gu. Zazpigarren uhina.

Pako Aristi idazleak Ni eta Gu. Zazpigarren uhina olerki bilduma berria aurkeztu du gaur, asteazkena, Donostiako Udal Liburutegian. Erein argitaletxeko Inazio Mujikarekin egin du agerraldia urrestildarrak, eta liburu berriaren gaineko xehetasunak eman ditu bertan. Aristik azaldu duenez, itsasoa eta itsasgizonak ditu ardatz bere lan berriak, eta Getariako arrantzaleak izan ditu bidelagun liburua osatzerakoan; hain zuzen ere, haiekin portuan izandako solasaldietatik abiatu da poemak idazterakoan. Liburua 78 olerkiz osatuta dago, eta Getarian ez ezik, Zestoan eta Orion ere kokatu ditu horiek.

"Ni eta Gu, horra bizitza osoan gizakiak bizi duen dikotomia, batzuetan erosoa, besteetan gatazkatsua. Haurtzaroan eman zaion informazioarekin borroka egin beharko du gero, ahots propio bat aurkitu arte, begirada berriak, gogoeta iturri ezberdinak. Eta guztiaren lekuko erraldoia, itsasoa, haren inguruan umotu diren bizitzen kronikak poetari inspiratu dizkion presentzia infinitua, agortezina", dio liburuaren sinopsiak.

Zazpigarren olerki liburua

Bere ibilbidean zehar hainbat genero landu ditu Aristik, baina poesiari dagokionez plazaratzen duen zazpigarren liburua da Ni eta Gu. Zazpigarren uhina. Aurretik, honako olerki liburu hauek publikatu ditu: Castletown (1996, Erein), Oherako hitzak (1998, Erein), Libreta horiko poemak (2003, Susa), Urari ostutako poemak (2014, Susa), Arrotz eta eder (2016, Susa) eta Maitatu zure egunak (2018, Erein).

Hona hemen gaurko aurkezpeneko bideoa: