Koronabirusa Azpeitian

Bi positibo berrirekin, behera egin du Azpeitiko intzidentzia tasak

Amaia Urbieta 2021ko api. 28a, 13:35

558,48koa da gaur-gaurkoz azken hamalau egunetako intzidentzia tasa, baina eremu gorrian dago herria, eta hala jarraituko du gutxienez datorren asteartera arte. Eskualdean, guztira, 52 kasu berri hauteman dituzte, eta gorabeheratsu jarraitzen dute herrietako intzidentzia tasek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri du koronabirusaren bilakaera aztertzen duen txostena, eta horren arabera, bi kasu berri hauteman zituten atzo egindako PCR eta antigeno probetan, Azpeitian. Gauzak horrela, beheranzko joera hartu du herrian azken hamalau egunetako intzidentzia tasak, eta 558,49raino jaitsi da; hala eta guztiz, intzidentzia tasaren beheranzko joera baieztatzeko ikusi egin beharko da datozen egunetan kasu positiboek zein bilakaera izaten duten.

Bestalde, eskualdean antzera jarraitzen du egoerak. 52 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan Urola Kostan, aurreko egunean baino lau gutxiago, eta atzo ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: 24. Duela bi aste baino gehiagotik, Zarauzko intzidentzia tasa gora eta gora egiten ari da, eta igo egin da berriro ere: 1.289,24koa da orain. Zumaian eta Azkoitian bederatzina kasu atzeman zituzten atzo (kopuru bera atzeman zuten herenegun Azkoitian, eta bat gutxiago Zumaian), eta oso altua da herri horietako intzidentzia tasa ere: 1.126,6koa Azkoitian eta 1.333,06koa Zumaian. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu atzeman zituzten, herenegun baino bi gehiago; herri txikia denez, hiru positibo berrien eraginez asko igo da intzidentzia tasa: 1300,39koa da orain.

Getarian, Orion eta Zestoan bina kasu atzeman zituzten, eta jaitsi egin da lau herri horietan intzidentzia tasa apur bat (1.378,07koa Getarian, 1.011,09koa Orion eta 667,69ekoa Zestoan). Azkenik, kasu bat atzeman dute Aian, eta hango intzidentzia tasak gora egin du: 2.115,87koa da gaur egun. Aipatu bezala intzidentzia tasak gorabeheratsu dabiltzan arren, eremu gorrian jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek, Errezilek eta Beizamak izan ezik.

Hegoaldean, positibotasun tasa behera

Eskualdeko datuak baino hobexeagoak dira Hego Euskal Herriko datu orokorrak. Izan ere, Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, denera 15.057 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun lau probintzietan, eta horietatik 1.022k eman zuten positibo. Beraz, %6,9koa da positibotasun tasa hegoaldean. Lurraldez lurralde, 98 kasu atzeman zituzten Araban, 405 Bizkaian, 356 Gipuzkoan, 153 Nafarroan eta 10 lurralde horietatik kanpo.

Hobekuntza oso txikia bada ere, baikorragoak dira ospitaleetako datuak atzokoen aldean. Egoerak oraindik oso larria izaten jarraitzen du, baina atzo baino lagun bat gutxiago dago ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan (542), eta ZIUetako okupazioak ere behera egin du (189 pertsona zeuden herenegun, eta 185 atzo). Ospitaleratze berriak asko izan ziren, ordea: 99.