Egunean Behinen zazpigarren denboraldiaren hasiera, astelehenean

Uztarria.eus 2021ko api. 30a, 08:00

Uztarriak bosgarrenez jarri du taldea martxan, eta herritarrek dagoeneko badute hara batzeko aukera. Denboraldia bukatzean taldeko sailkapenaren buruan denak Ekain sagardo ekologiko kaxa bat irabaziko du. Astelehenean hasi eta uztailera arte, hamar asteko denboraldia antolatu dute.

Astelehenean, maiatzak 3, hasiko da Egunean Behin mugikorrerako jokoaren zazpigarren denboraldia, eta Uztarriaren taldea martxan izango da sasoia bukatu bitartean. Uztailera arte, hamar asteko denboraldia prestatu du Codesyntax enpresak, eta ohiko moduan, sailkapen orokorra osatuko dute. Azken denboraldietako logika bera erabiliko dute oraingoan ere: hamar astetatik jokalari bakoitzaren bost onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko. Gainera, denboraldiaren amaieran, pandemiaren egoerara egokitutako finala jokatuko dute lehen sailkatuek eta zozketa bidez aukeratutako beste hainbatek.

Uztarriak bosgarrenez jarriko du taldea martxan, eta oraingoan ere banatuko du saria parte-hartzaileen artean. Hain zuzen ere, irabazleak Ekain sagardo ekologiko kaxa bat eskuratuko du. Uztarriaren taldean parte hartzeko Egunean Behin aplikazioa deskargatu behar da Google Play edo App Store plataformatik. Aplikazioaren behealdean kokatzen den Taldeak atalean, (+) ikurra zapaldu, giltzaren gainean klik egin eta C6BB98 kodea sartu behar da; erabiltzaileak gisa horretan lortu du UZTARRIA (Azpeitia) izeneko taldera batzea.

Izenak dioen moduan, egunean behin jokatu daiteke sakelako telefonorako egindako aplikazioan. Hamar galdera erantzun behar dituzte erabiltzaileek ahalik eta denbora laburrenean, eta puntuazioaren arabera, astero sariak banatzen dituzte jokoaren sustatzaileek. Izan ere, astekakoa izaten da sailkapena, astelehenetik igandera bitartean lortutako emaitzen araberakoa. Jakinarazi dutenez, jakintzaren, trebeziaren, matematikaren eta euskal gaien inguruan galdetuko dute, besteak beste, beti herri ikuspegitik. Aurreko denboraldian 60.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten jokoan egunero.

Joan zen denboraldian, seigarrenean, 1.198 lagun aritu ziren lehian Uztarriaren taldean, eta talde horretako denboraldiko jokalaririk onena Arbiza  –aurrekoan ere bai– erabiltzailea izan zen, 2.272,68 puntu lortuta.