Koronabirusa Azpeitian

Gutxienez beste astebetez perimetralki itxita jarraituko du Azpeitiak

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 26a, 14:10

Ostiraletik igandera hamazapi positibo zenbatu ditu herrian Osasun Sailak, aurreko asteburuko kopuru bera. Intzidentzia metatuaren tasak ez du gorabeherarik izan joan den ostiraletik eta 611,04koa da asteburuko datuak batua ondoren ere. Eskualdean aurreko asteko asteburuan baino positibo gutxiago atzeman dituzten arren, Urola Kostan udalerri ia denek jarraituko dute perimetralki itxita.

Azpeitiak gutxienez beste astebetez jarraituko du perimetralki itxita. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben herriz herriko emaitzak, eta joan den ostiralean bezala, 611,04koa da gaur-gaurkoz herrian 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa; 400dik gorako tasa duten 5.000 biztanletik gorako udalerriei ezarritako neurriak bete beharko dira, beraz, beste astebetez behintzat herrian. Ostiraletik atzo bitartean hamazazpi positibo zenbatu dituzte Azpeitian koronabirusa atzemateko egindako probetan –zortzi ostiralean, hiru zapatuan eta sei atzo–; aurreko asteko asteburuan kopuru berbera zenbatu zuten.

Urola Kostan, datuek beheranzko joera hartu dute. Guztira, 130 kasu atzeman dituzte eskualdean ostiraletik igandera bitartean, joan zen astelehenean baino 60 gutxiago. Edonola ere,  5.000 biztanletik gorako herri guztiek 400dik gorako intzidentzia tasarekin jarraitzen dute oraindik ere: alegia, itxita daude guztiak, eta perimetralki itxita jarraitu beharko dute beste astebetez gutxienez. Horiez gain, Osasun Sailak ebatzi du perimetralki itxita jarraituko dutela Aiak, Getariak eta Zestoak, eta zerrenda horretan sartu du Aizarnazabal ere.

Positiborik gehien, beste behin, Zarautzen atzeman dituzte: 53. Joan zen asteko datuekin alderatuta, behera egin dute positiboek, baina intzidentzia tasak gorantz egin du 1.1212,15ean kokatuta. Zumaian gorakada nabarmena izan du intzidentzia tasak astebetean –aurreko astean 936,20an bazegoen, orain 1.333,06an dago (eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena)–, eta aurreko astean bezalaxe, asteburu honetan ere 24 kasu berri hauteman dituzte. Azkoitian zertxobait hobera egin dute datuek izan ere, 20 kasu berri hauteman dituzte han azken hiru egunetan, aurreko astean baino zortzi gutxiago, eta 1.159,98ko intzidentzia tasa du uneotan; ia 15o puntu jaitsi ditu astebetean. Orion ere jaitsi egin dira asteburuko positibo datuak: sei kasu hauteman dituzte; aurreko astean hamabost izan ziren.  Hala ere, intzidentzia tasak gora egin du, eta 1.190,48koa da gaur-gaurkoz.

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrietan beheraka doa COVID-19 gaitzaren hedapena. Aian hiru kasu izan dira asteburuan, Aizarnazabalen eta Getarian bina eta Zestoan hiru. Beizaman eta Errezilen ez dute kasurik hauteman, eta azken bi horiek dira eskualde osoan itxiera perimetraletik salbu diren bakarrak.

Hego Euskal Herrian, goraka

Guztira, 890 kasu positibo hauteman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 10.470 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan. Positiborik gehien Gipuzkoan zenbatu zituzten (356), eta, ondoren, Bizkaian (325), Nafarroan (128) eta Araban (75); lurralde horietatik kanpoko beste sei kutsatu ere batu zituzten.

Ospitaleratze kopuruak nabarmen ari dira goraka herrialde osoan: 568 pertsona daude une honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 200dik gora Nafarroakoetan. ZIUetan ere bide beretik doa joera: 192 gaixo daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %8,6koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %7,8koa Nafarroan.