Ibon Guridi: "Une onetan eta txarretan, balio onak belaunaldiz belaunaldi transmititzea da tokatzen zaiguna"

Julene Frantzesena 2021ko api. 27a, 10:22
Ibon Guridi Zilarrezko LEB ligako Kopako jokalari onenaren sariarekin, joan zen urtarrilean.

Ibon Guridi (Azpeitia, 1992) amets betean da zapatu arratsaldeaz geroztik. Izan ere, Juaristi ISBko kapitaina oso gustura da taldeak Urrezko LEB ligara igotzea lortu duelako. Denboraldi guztian egindako lana ekarri du gogora, eta ISBk halako zerbait lortzeak duen garrantzia azpimarratu du.

Zer moduzko biharamuna izan duzu?

Esnaera ona izan zen herenegungoa; izan ere, urte guztiko lan gogorra saritua izan den sentipenarekin nago, oso-oso gustura.

Gustura al zaude zapatuan egindako neurketarekin?

Bai. Bartzelona Europako harrobirik onenetarikoa da, eta aurten hirutik hiru partida irabazi dizkiogu; ikaragarrizko lorpena da. Pozik egoteko modukoa da, askotan ez delako halakorik pasatuko. Lana ondo egin izanaren emaitza da, eta ez zapatuko partidan bakarrik, denboraldi guztiagatik ere bai: denboraldiaren erdian Kopako txapeldun izan ginen, eta orain liga irabazi dugu. Ikaragarria izan da.

Joaneko partidako emaitzari esker, lau puntuko aldea zenuten markagailuan. Irabazteko esperantzarekin joan al zineten Kataluniara?

Lau puntuko alde hori ez zen handia itzulerako partidari aurre egiteko. Baina joanekoan irabazi egin genien, hori zen garrantzitsua, eta berriz ere irabazteko aukerak errealak zirela ikusi genuen. Horretara joan ginen Bartzelonara, berriz irabaztera, nahiz eta zaila zela bagenekien.

Nola ospatu duzue garaipena?

Partida amaitu, autobusera sartu eta Azpeitira abiatu ginen, beste edozein partidatan bezalaxe. Gaur egungo egoerarekin kontzientziatuta dago taldea; izan ere, denboraldi guztian aritu gara jarraitu beharreko pautei segika, plangintza eratzen... Denon osasuna dago jokoan. Autobusean izan genuen garagardo batzuk edateko aukera, neurriak behar bezala beteta, eta barre pixka bat egin genuen musika jarrita.

Zer oroitzapen dituzu orain dela urte batzuk ISBk Urrezko LEB ligan bizi izan zuen denboraldiaz?

Egia bihurtu zen kantxan lortutakoa. Zaleak bi astez behin joaten ziren kiroldegira, eta gogotik gozatu zuten. Lehen jardunaldiarekin ondo gogoratzen naiz: Coruñaren aurka jokatu genuen, etxean. Talde ona zen hura, baina irabazi egin genuen. Jokalariontzat ikaragarria izan zen garaipen hura. Oroitzapen gazi-gozoa daukat, halere; hamabi garaipen lortuta jaitsi ginen mailaz, eta normalean, hamar partida irabazita mailari eutsi izan diote taldeek beste denboraldietan. Lanak erdi ondo eginda jaitsi ginen mailaz, beraz. Berriz mailaz igotzerik ez genuela izango uste nuen, baina... Ea lana eginda lortu dugun igoerari esker, urrezko mailaz gozatzeko aukera izaten dugun.

Urteak daramatzazu ISBn; azken urteetan taldeko kapitaina zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Nik urteetan besteengandik jaso nuen hori oraingo taldeari ematen saiatzen naiz. Gazteagoa nintzela, beteranoagoak ziren kapitainak, eta haien gauza onenekin gelditzen saiatzen nintzen. Orain, niri tokatzen zait jaso nituen eta onak iruditzen zaizkidan balio horiek hurrengo belaunaldiei pasatzea. Azken boladan, urte politak bizitzea egokitu zait, baina badakit beti ez dela horrela izaten; duela urte gutxi egokitu zitzaigun Urrezko LEB ligatik zilarrezko mailara jaistea. Une onetan eta txarretan, balio onak belaunaldiz belaunaldi transmititzea da tokatzen zaiguna eta egin behar duguna.

Datorren denboraldiari begira jarri al zarete?

Oraindik ez, baina berehala jarri beharko dugu. Ikusi egin behar da datorren urtean zer egoera izango den, zer baliabide izango ditugun, zer lortzen dugun eta zer-nola baloratzen den lortu duguna. Nire ustez, baloratzekoa da aurten ISBk lortu duena: Azpeitiko eta Azkoitiko lau jokalarik Zilarrezko LEB mailako talde berean jokatzea izugarrizko lorpena da, eta are handiagoa talde horrek liga irabaztea. Halakorik ez da berriz suertatuko, ziurrenik. Atzeko lanaren fruitua da lorpena, eta uste dut duen balioa eman behar zaiola horri. Goi mailako saskibaloian murgildu nahi duten Gipuzkoako jokalariei ere horretarako aukera ematen die ISBk, eta uste dut proiektuak izan behar lukeela Urrezko LEB mailan aritzeko aukera, nahiz eta egoera zaila dela jakitun izan, bai osasun egoera aldetik, bai ekonomikoki.

Orain atseden hartuko duzue, ezta?

Deskonektatu eta atseden hartu behar dut. Aste eta erdi bat-edo baloirik ukitu gabe pasatu nahi dut; izan ere, azken asteetan lauzpabost entrenamendu egiten eta partida bat jokatzen aritu gara, autobusean ordu asko pasatu ditugu eta buruan presioa zein urduritasuna izan ditugu. Egia esan, neke handiena presioak-eta eragiten du, eta hori sumatu dut pare bat astetan: lor genezakeena hainbesterainokoa zen, hainbesteko gogoa genuen titulua lortzeko... Irabazte hutsarekin atseden hartzen hasi gara. Hori bai, atseden pixka bat hartuta, berriz ere entrenatzen hasi beharko dugu, datorren denboraldian jokatzen segitu nahi badugu; hori bai, suabe-suabe eta geure kasa.