Koronabirusa Azpeitian

Mikel Garmendia: "Ona litzateke PCR probak egiteko aukera izango bagenu, ziur jakiteko zer dagoen"

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 26a, 09:03
Mikel Garmendia, Moshiko seminarioko ikasleekin. (Utzitakoa)

Ia 40 urte daramatza Mikel Garmendia salestarrak (Azpeitia, 1953) Afrikan. Benin izan zuen Afrikan lehen geltokia. Swazilandian eman ditu urte gehien, 30 inguru. Eta Hegoafrikan pare bat urte bete ondoren, 2015etik Tanzanian dago, salestarrek Moshi hirian duten komunitatean. COVID-19aren negazionista bat izan dute gobernuburu Tanzanian duela gutxira arte, baina Garmendiaren komunitatea ere kolpatu du gaitzak. Tanzanian pandemia nola bizi duten azaldu du azpeitiarrak.

Tanzaniaren barruan, non dago Moshi? Nolakoa da inguru hori?

Moshi hiri txiki bat da. Kilimanjaro probintziako hiriburua da eta Tanzaniako iparraldean dago, Keniako mugatik 300 kilometrora. Turismoak indar handia du inguru honetan, Kilimanjaro mendia, Afrikako garaiena eta ezagunena, bertan daukagulako. Inguru pobrea da. Argindarra orain bai, askotan ez ibiltzen gara. Eta janariari dagokionez ere, arroza eta platanoak gaur, eta platanoak eta arroza bihar... eta jaiegunetan oilaskoa eta patatak. Baina oso jende jatorra bizi da hemen.

Eta zuen komunitatea? Zenbat lagun bizi zarete hor? Zer eginkizun betetzen duzu zuk bertan?

70 salestar gaude komunitatean; salestarren Tanzaniako seminarioa da gurea, eta hiru urteko Filosofia ikasketak egitera etortzen dira hona apaizgaiak. Ni naiz europar bakarra, baita zaharrena ere; 68 urte ditut eta aitona bat bezala aurkitzen naiz hemen. Afrika ekialdeko hamar herrialdetako seminaristak elkartzen dira hemen, oso komunitate internazionala osatzen dugu eta esperientzia aberasgarriak ekartzen ditu horrek. Gazte horien konfesorea eta irakaslea naiz ni; musika, latina, liturgia eta teologia eskolak ematen ditut. Lanik ez zait falta izaten eta erosotasun gutxi dauzkagu, baina gustura nago, komunitateko kideon arteko harremanak oso onak dira.

Bi urtean behin izaten dut oporretan Euskal Herrira joateko eta familia bisitatzeko aukera. Joan den Gabonetan joatea zen nire asmoa baina bertan behera utzi behar izan nuen, koronabirusarengatik. Ea datozen Gabonetan aukera izaten dudan.

Apaizkide bat hil berri zaizue, COVID-19ak jota. Nola zaudete gainerakoak?

Belgikako misiolari bat zen hildakoa, nire lagun ona. Nigeriako, Sri Lankako eta Myanmarko komunitateetan eskolak ematen laguntzen zuen, eta urtero etortzen zen gurera ere, hiru hilabeteko kurtso bat ematera. Gainerakoak ondo gaude. Ni harrituta nago, hori bai, nolatan ez dugun kasu gehiago eduki. Urtebete pasa daramat neuk usaimena eta dastamena galduta, baina ezin da izan koronabirusarengatik; bestela, denok kutsatuta egon behar genuke. Herrian jendea musukorik gabe ibiltzen da eta ematen du egoera normala dela... Harrigarria da, benetan.

Ba al duzue gaitzaren hedapenari aurre egiteko baliabiderik? Zer neurri har ditzakezue?

Gaitzaren hedapenari aurre egiteko baliabiderik ez daukagu. Baliteke gaitza gure artean egotea, baina Tanzanian ofizialki gaitzik ez dagoenez, ez gara kezkatzen; gutxi batzuk maskara jantzita eta ahal den guztietan eskuak garbitzen, eta beste batzuk jengibrea eta limoi ura edan, eta aurrera. Ona litzateke PCR probak egiteko aukera izango bagenu, ziur jakiteko zer dagoen. Egoera gaiztotuko ez denaren itxaropenean bizi gara.

PCRak egiteko aukera gertukoena 500 kilometrora duzuela, eta, probak egitekotan, bakoitzagatik 50 euro ordaindu behar duzuela kontatu duzu.

Hala da. Egia da ospitalean badagoela proba egiteko aukera, baina gero Dar es Salaam-era bidali behar izaten dituzte, emaitzak jakiteko, eta 50 euro ordaindu behar, gainera. Gehiegi, gure komunitatearentzat.

Tanzaniako Gobernua pandemiaren negazionista dela diote. Hala al da?

Zoritxarrez, bai, hala da. Jende gehienak uste du Tanzanian COVID-19 free gaudela, eta dena gobernuaren propagandarengatik. Hemen hasieratik egon dira eskolak irekita, lantokietan normal... baina turismorik ez. Eta turismoa da Tanzaniako diru-iturri nagusiena. Presidentea [John Magufuli] gaixotu eta hil egin zen [joan den martxoan]. Ofizialki, bihotzeko arazoei egotzi diete haren heriotza, baina askok ez dugu sinisten bertsio hori, COVID-19arekin hil dela uste dugu. Presidente berriak [Samia Suluhu Hassan] onartu du pandemia daukgula Tanzanian ere, baina oraindik ikusteko gaude zer neurri hartuko dituen.

Gobernuaren mezuak zer eragin du herritarren artean? Nola bizi dute egoera?

Jende gehienak onartu egin ditu gobernuaren mezuak. Estatistikarik ez dagonez, eta hiltzen ari den jendea zerk eraginda hiltzen ari den ez dakigunez, beldur handirik ez da sumatzen; neurri gutxi batzuk hartuta, itxaropenean eta errezuan bizi gara. So far, so good [orain arte, dena ondo], baina noiz arte?

Txertorik ari al da iristen Tanzaniara?

Ezta bat ere. Gobernu berriak zer edo zer egiteko zain gaudei. Kenian, ondoko herrialdean, neurri gehiago hartzen ari dira, baita txertoak ere.

Afrikako oso berri gutxi iristen da hona, pandemiari dagokionez. Han gaitza herrialde 'aberatsetan' baino eragin txikiago izaten ari dela uste dute batzuek. Zuk zer uste duzu?

Horrela dela ematen du, ez Tanzanian bakarrik, baita Afrikako beste herrialdeetan ere. Guk dauzkagun ospitaleekin, osasun sareekin eta medikuntza baliabideekin, gaitzak herrialde aberatsetan izan duen eragin bera izan bagenu, uste dut honezkero gehienak hilobian egongo ginatekeela.