Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, askotariko ekintzak egin dituzte herriko ikastetxeetan

Ihintza Elustondo 2021ko api. 23a, 17:32

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta herriko ikastetxeetan ekintza bereziak egin dituzte. Besteak beste, idazteko nahiz irakurtzeko tartea hartu dute gaurkoan ikasleek.

Liburuaren Nazioarteko eguna da gaur, eta horren harira, hainbat ekintza egin dituzte herriko ikastetxeetan.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, liburu bat sortu dute LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleek. Hain zuzen ere, COVID-19aren ondorioz ezarri zuten konfinamenduan eta azken urtebetean bizi izandako sentipenen inguruan idatzi dute ikasleek, eta idazlan horiek bildu dituzte 365 egunetan gure bizipenak argitalpenean. 140 ikasle inguruk eraman dituzte paperera beren barruko emozioak.

Konfinamendu sasoian zer galdu eta zer irabazi zuten adierazi dute ikasleek beren lanetan. Besteak beste, familiarekin zuten harremana estutu egin dela, afizio berriak bilatu dituztela nahiz naturarekin kontaktua izatea gehiago baloratzen dutela azaldu dute, gauza positibo gisa. Dena den, egungo egoeraren alderdi negatiboak ere jaso dituzte liburuan: familiarekin eta lagunekin ekintza asko egiteko aukera galdu dutela sentitzen dute; amorrua, ezin ulertua eta etsipena bezalako emozioak gailendu zaizkie...

Liburuaren bost kopia kaleratu dituzte; horietako lau ale ikastolan bertan gordeko dituzte, eta beste alea San Martin egoitzara eraman dute eguerdian, hango egoiliarrek beren liburuko pasarteak irakur ditzaten. Gainera, ikastolan bertan, prentsaurrekoa egin dute gaur, gainontzeko ikasleei liburuaren nondik norakoak azaltzeko. Beren bizipenak liburuan jasotzea "sekulako esperientzia" izan dela azaldu dute ikasleek.

Irakurketaz gozatzen

Iraurgi Ikastetxean, ekintza ezberdinak egin dituzte maila bakoitzean. Haur eskolako haurrei ipuin sorta bat jarri diete eskura, eta haiek ipuinak aukeratu ahala, hezitzaileek irakurri egin dizkiete. HH5 mailakoak Udal Liburutegira joan dira arratsaldean, eta hartuta zituzten liburuak itzuli eta beste batzuk hartu dituzte; ondoren, liburutegiaren atzeko belardian irakurri dituzte. Era berean, LH6 mailako Elene Aizpuruak berak asmatutako istorioa kontatu die LH4 mailakoei; horrela, irakurtzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du Aizpuruak, hiztegi aberatsago bat izateko eta idazteko abilezia garatzeko balio duela argudiatuz. DBH1 mailakoak, berriz, komikiak lantzen aritu dira aurreko asteetan, eta irakurketa saioak ere egin dituzte. 

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ere askotariko jarduerak egin dituzte Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Batzuek Loiolara irteera egin dute, eta han ipuinak irakurri dituzte; beste batzuek eskolako jolastokian egin dituzte irakurraldiak... Eguraldi ederrak lagunduta, irakurketaz gozatu dute gaurkoan haurrek eta gaztetxoek.