Koronabirusa Azpeitian

600eko muga gainditu du Azpeitiko intzidentzia tasak

Julene Frantzesena 2021ko api. 23a, 12:33

Joan zen ostiralean 400,79 zen hamalau eguneko 100.000 biztanleko Azpeitiko intzidentzia tasa. Aste guztian, baina, 46 azpeitiarrek eman dute positibo Osakidetzak gauzatutako PCR eta antigeno probetan; atzo bertan, zortzik. Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak, baita ospitaleratzeek ere.

Beste zortzi positibo eta intzidentzia tasa 600etik gorakoa. Horiexek dira Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur eman dituen Azpeitiko datuak. Joan zen asteaz geroztik eremu gorrian da Azpeitia, eta horrek dakartzan neurri murriztaileak –herria perimetralki itxita dago eta tabernen zein jatetxeen barrualdeak zabalik edukitzeko ordutegia mugatuta– indarrean dira astearteaz geroztik. Aste honetan egoerak ez du hobera egin; izan ere, joan zen ostiralean 400,79 zen intzidentzia tasa eta gaur 611,04 da. Joera, beraz, ez da aldatu: positibo kopuruak goraka jarraitzen du Azpeitian ere, eta atzo egindako PCR eta antigeno probetan atzemandako zortzi kasuak kontuan hartuta, azken zazpi egunetan 46 positibo zenbatu dituzte herrian –joan zen astean baino bat gutxiago–.

Eskualdeko egoera ez da hobea; are gehiago, 5.000 biztanletik gorako herri guztiak daude eremu gorrian, eta Azpeitia izan ezik beste guztiek gaindituta dute 100.000 biztanleko mila positibo metaturen kopurua. Tasarik altuena Azkoitiak du, 1.401,99, eta azken orduetan hamar positibo zenbatu dituzte han. Orion, berriz, lau positibo atzeman ditu Osakidetzak, eta 1.239,4 da hango intzidentzia tasa. Zarautzeko egoera ere antzekoa da: hogei positibo detektatuta, 1.195 da intzidentzia tasa. Zumaian aste honetan pasatu dute milako langa: gaur-gaurkoz, 1.170,25 da tasa eta azken orduetan zazpi positibo atzeman dituzte herri horretan.

5.000 biztanletik beherako eskualdeko herri batzuetako egoera ez da samurra; Aian, esaterako, 1.964,74ko intzidentzia tasa dute, eta atzo lau aiarrek eman zuten positibo koronabirusa atzemateko probetan. Getarian, berriz, bi positibo zenbatu zituzten atzo, eta 1.590,11 da hango hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua. Aizarnazabalen positibo bat zenbatu zuten atzo, azken astebetean lau, eta intzidentzia tasak gora egin du: 516,2 da hango zenbatekoa. Zestoan ez zuten positiborik zenbatu atzokoan, eta hori dela eta, apaltzera egin du hango tasak: 611,33 da orain. Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute positiborik zenbatu azken 24 orduetan.

Hego Euskal Herrian 1.171 

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, atzo, guztira, 1.171 kasu positibo zenbatu zituzten: 117 Araban, 425 Bizkaian, 431 Gipuzkoan eta 184 Nafarroan. Guztira, 13.303 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan: proba egin zuten herritarren %9k eman zuten positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; % 7,7k, berriz, Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ez du hobera egin: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 554 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 173 Zaintza Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Atzokoan, 114 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 153 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 35 ZIUetan.