Koronabirusa Azpeitian

Beste bost positibo baieztatuta, goraka jarraitzen du herriko intzidentzia tasak

Ihintza Elustondo 2021ko api. 22a, 13:22

5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean, Azpeitia da intzidentzia tasarik txikiena duena, baina pixkanaka-pixkanaka igotzen ari da: 551,91koa zen atzo, eta 571,62koa da gaur. Urola Kostan 53 kasu baieztatu zituzten atzo, herenegun baino 25 gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo bost positibo hauteman zituzten Azpeitian, herenegun baino zazpi gutxiago, baina zertxobait gora egin du intzidentzia tasak: 551,91koa zen atzo, eta 571,62koa da gaur. Hala ere, Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean egoera onena duena. 

Urola Kostan ere herenegun baino dezente positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo: hain zuzen ere, 53 kasu baieztatu zituzten atzo, bezperan baino 25 gutxiago. Dena den, intzidentzia tasek antzeko joerari eusten diote, eta zifra hori 500eko langatik gorakoa da eskualdeko herri guztietan, Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman izan ezik.

Azken egunetako joera berretsiz, Zarautzen zenbatu zituzten positibo gehien atzo: hamabost. Dena den, herenegun 23 atzeman zituzten, eta, beraz, zertxobait behera egin du kopuruak. Horrenbestez, intzidentzia tasak ere behera egin du apur bat: herenegun 1.223,09koa zen, eta gaur-gaurkoz 1.173,6koa da. Zarautzen ostean, Azkoitian zenbatu zituzten kasu gehien: hamabi, zehazki. Intzidentzia tasak ere gora egin du herri horretan: 1.410,33koa da egun, eta bezperan 1.385,3koa. Aipatzekoa da Getariaren egoera ere: atzo lau positibo baieztatu zituzten han, eta 1.590,11ko intzidentzia tasa dute. Aian dute eskualde osoko intzidentzia tasarik altuena: bi positibo berri baieztatuta, 1.813,6ko tasa dute.

Zumaian zortzi positibo atzeman zituzten atzo, eta intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 1.190,6koa. Orion beste bost kasu baieztatu zituzten atzo, eta han ere milako langa gainditzen du intzidentzia tasak: 1.174,17koa da gaur-gaurkoz. Zestoan kasu bat zenbatu zuten atzo, eta 642,01eko intzidentzia tasa dute. Aizarnazabalen kasu bat atzeman zuten atzo; 390,12koa da hango intzidentzia tasa.

Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan. Errezilen 322,06ko intzidentzia tasa dute egun, eta Beizaman 0 da zifra hori.

Hego Euskal Herrian 1.195 kasu

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.195 positibo zenbatu zituzten atzo: Araban 99, Bizkaian 465, Gipuzkoan 443, Nafarroan 182 eta sei beste lurralde batzuetan. Guztira, 14.893 proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta %8k eman zuten positibo.

Erietxeetako egoerari dagokionez, 94 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren zentroetan. Guztira, COVID-19a duten 549 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale publikoetan, eta horietatik 165 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Azken egunetako kopururik altuena da ZIUetan dauden gaixoena.