Azpeitian ere izan du eragina sektore publikoko langileen grebak

Julene Frantzesena 2021ko api. 22a, 12:02
Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegiko eraikinaren ataria.

Herriko ikastetxe publikoetako eta zerbitzu publikoetako hainbat beharginek egin dute bat grebarekin. Dena den, udal eraikin eta zerbitzu guztiak normaltasunez ari dira martxan. Langile publikoen behin-behinekotasuna salatzeko deitu dute grebara ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek.

Langile publikoen behin-behinekotasuna salatzeko greba eguna da gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, langile publikoak deitu dituzte gaur grebara ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek, eta Azpeitian ere ari da eragina izaten deialdia. Herriko ikastetxe publikoetako eta zerbitzu publikoetako behargin hainbatek egin du bat deialdiarekin.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, esaterako, Haur Hezkuntzako eraikinean lan egiten duten beharginen %30,76k ari da greba egiten gaur, dute bihar, eta Lehen Hezkuntzako eraikinean aritzen diren langileen %18,86 ere bai. Dena den, autobus, zaintza eta jangela zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute gaurko egunez. Urola Ikastolako langileek, berriz, herenegun, egin zuten bozketa, baina kuorumik ez zuten lortu. Hori dela eta, irakasle batzuk falta dira gaur, baina eskolak "ahal den neurrian normaltasunez" ari dira eskaintzen. Grebak eragina izango du Helduen Eskolan ere: izan ere, lau irakasletik hiruk egin dute bat grebarekin.

Udaleko langile batzuek ere egin dute bat deialdiarekin, baina udal eraikin eta zerbitzu guztiak normaltasunez ari dira martxan. Bestalde, Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere bat egin dute gaurko greba deialdiarekin, eta, ondorioz, hondakinen bilketan gutxieneko zerbitzuak beteko dituzte: industriako atez ateko bilketa egingo dute eta herriko edukiontzien guneak txukunduko dituzte, edukiontziek gainezka egin ez dezaten; baina edukiontzirik ez dute hustuko gaur, eta merkataritzako atez ateko zerbitzurik ere ez dute emango. Azpeitiko anbulatorioko behargin batzuek ere egin dute bat grebarekin, baina oraindik ez dute daturik eman.

Greba deitu duten sindikatuek, besteak beste, salatu dute grebaren deialdia argitaratu zenetik instituzioek ez dutela "negoziaziorako borondaterik erakutsi", eta euskal sektore publikoko behin-behinekotasun maila "guztiz onartezina" dela iritzi diote. "Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortuta dago esparru guztietan", adierazi dute. Gaineratu dute horren atzean instituzioen "zerbitzu pubikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko" asmoa dagoela.