Hitzaldiak, Iagomagoren ikuskizun berria, eskalada eta musika, hastear den Gazte Asterako

Maialen Etxaniz 2021ko api. 22a, 11:34
2019ko Gazte Asteko artxiboko argazkia. (Azpeitiko Gaztetxea)

Astelehenean hasiko da Gazte Astea, Hassana Aaliak Sahararen egungo egoeraz eskainiko duen hitzaldiarekin. Eskualdeko emakume sahararren elkartea ere aurkeztuko dute egun horretan. Faxismoaz nahiz euskaraz eta klase sozialez arituko dira gainerako hitzaldietan. Eskalada tailerra, Iagomagoren Serendipia ikuskizunaren estreinaldia eta Desgaraian musika taldearen kontzertua izango dira hurrengo egunetan, besteak beste. Emanaldietarako sarrerak aurrez erosi beharko dira.

Urtebeteko geldialdiaren ostean, Azpeitiko Gaztetxeko kideek berriro antolatu dute Gazte Astea. Aurtengoa ezohikoa izango da, osasun egoerak baldintzatutako egitaraua prestatu baitute. Hori dela eta, aurten ez dute parrilladarik nahiz parodiarik egingo. Urterokoak diren ekintzetako batzuk antolatu ez dituzten arren, egitarau zabala prestatu dute Gazte Asterako, eta astelehenean, hilak 26, hasiko dira ekintzekin. Hitzordu guztiak 18:00etan hasiko dira. 

Aurten, hiru hitzaldi antolatu dituzte. Astelehenean Saharako gaur egungo testuinguruaz solasaldia eskainiko du Hassana Aaliak. Asteartean Faxismoa: Arraza eta klase aldagaiak bere historian zehar hitzaldia eskainiko du Beñat Aldalurrek. Asteazkenean, Euskara eta klase sozialak izeneko solasaldia izango da Aitor Bizkarraren eskutik.

Ostegunetik aurrera bestelako ekintzak egingo dituzte Gaztetxean. Ostegunean eskalada tailerra egingo dute Gaztetxeko hormetan. Ostiralean hitzordu berezia izango dute, Iagomagok magia ikuskizun berria estreinatuko baitu Gaztetxean, Serendipia izenekoa, hain zuzen. Larunbaterako ez dute ekintzarik antolatu, eta Maiatzaren 1aren harira 20:00etan plazatik irtengo den manifestaziorako deia egin dute. Igandean, aldiz, musika izango da protagonista. 18:00etan hasita, Desgaraian musika taldeak kontzertua eskainiko du, eta euskarazko letrez jantzitako pop musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Txokolatada ere prestatuko dute gazte asanbladako gazteek.

Sarrerak, astelehenetik aurrera

Iagomagoren ikuskizun berrirako nahiz Desgaraian musika taldearen emanaldirako sarrerak aurrez erosi beharko dira Haginpe tabernan edo Gaztetxeko ekintzetan. Astelehenean jarriko dituzte salgai sarrerak. Umeen sarrera bi euroan egongo da eskuragarri, eta helduen sarrera bost euroan.