Erika Olaizola aktoreari egin diote Arnasa Gara kanpainako bosgarren elkarrizketa

Aitziber Arzallus 2021ko api. 22a, 17:30

Herri euskaldunenetako zenbait gurasoren beldurra da beren seme-alabek erdaraz ondo ez ikastea, eta hain zuzen ere, horretaz doa Arnasa Gara kanpainako bosgarren ikus entzunezko pilula: Euskarekin ezin galdu. Gai horren inguruan hausnartu behar izan du aktore azpeitiarrak.

Arnasa Gara kanpainaren barruan, Erika Olaizola aktore azpeitiarra elkarrizketatu zuten atzo arratsaldean, Berriaren Instagram kontuan 17:00etan hasita egin zuten zuzeneko saioan. Kanpainako bosgarren elkarrizketatua izan zen Olaizola eta, besteak beste, Euskararekin ezin galdu ikus entzunezko pilula izan zuten hizpide elkarrizketan.

Bideo horretan, Iban Garro eta Juanen Saralegi aktoreak herri euskaldun bateko bi gurasoren paperean ageri dira, beren seme-alabek erdaraz ondo ikasiko ez duten beldurrez. Beldur horiek, baina, ez dutela funtsik diote, beraiek ere erdaraz oharkabean ikasi zutela eta gaztetxoek ere horrela ikasiko dutela esanez. Hain justu ere, hori da pilularen mezu hurbila: hizkuntza hegemonikoa oharkabean ikasiko dutela eta haurrei lasai egiteko euskaraz, euskararekin ez direla galduko.  

Duela zenbait aste UEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean aurkeztu zuten kanpaina, eta udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako testuinguru ugariak zein diren xehatzea du helburu. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako zortzi ikus-entzunezko dira kanpainaren ardatza, eta bideo horietako bakoitzean udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikus daitezke. Bideo horien inguruan solasteko eta hausnartzeko, berriz, astero gonbidatu bat izango da.