Gotzon Aranburu presoa Dueñaseko espetxera lekualdatu dute

Julene Frantzesena 2021ko api. 21a, 15:34
Presoen eskubideen alde joan zen otsaileko azken ostiralean egindako elkarretaratzeko irudia.

Gaur, asteazkena, lekualdatu dute Alacanteko Villena espetxetik Palentziako kartzelara. Espainiako Espetxeetako Erakundeak joan zen abenduan jakinarazi zuen Aranburu kartzelaz aldatuko zuela. 274 kilometro daude Azpeitia eta Dueñas artean.

Gotzon Aranburu Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxetik Dueñaseko (Palentzia, Espainia) kartzelara lekualdatu dute gaur, asteazkena. Espainiako Espetxeetako Erakundeak joan zen abenduan jakinarazi zuen Aranburu kartzelaz aldatuko zuela, eta gaur atera dute azpeitiarra Villenatik, Dueñasera eramateko.

274 kilometro daude Azpeitia eta Dueñas artean. Azpeitiko Ezker Abertzaleak "aurrerapausotzat" jo du Aranburu Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera aldatu izana, baina era berean, adierazi du ez dela geldituko "Aranburu, Josu Urbieta Pow eta euskal preso guztiak kaleratu arte".

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen.

Honako lotura honetan irakur daiteke Aranburuen abokatu Onintza Ostolazari joan zen abenduan Sanagustinen eskaini zuen hitzaldiaren aurretik Uztarria.eus-ek egin zion elkarrizketa.