Koronabirusa Azpeitian

Hamabi herritarrek eman dute positibo azken orduetan

Amaia Urbieta 2021ko api. 21a, 13:10

Azken astebetean, egun bakar batean zenbatu duten positibo kopuru altuena da atzokoa. Zenbateko hori dela eta, intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du: 551,91 da Azpeitiko tasa. Eskualdean, orotara, 77 positibo detektatu zituen Osakidetzak. Gipuzkoako egoera kezkagarria da: 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dago eremu gorritik kanpo; Elgoibar.

Azken egunetako koronabirus kasu berrien igoerak ez du etenik, eta Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, azken datuak ez dira hobeak. Azpeitian ere azken zazpi egunetako positibo kopuru altuena atzo atzeman zuten; izan ere, hamabi herritarrek eman zuten positibo atzo gauzatutako PCR eta antigeno probetan –Osakidetzak ez du zehazten herri bakoitzean zenbat proba egiten dituen–. Zenbateko hori dela eta, intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du: 551,91 da Azpeitiko tasa.

Eskualdean, denera, 78 kasu berri atzeman dituzte, atzo baino bat gehiago, eta orokorrean, herri guztietan egin du gora intzidentzia tasak. Are gehiago: eskualdeko 5.000 biztanletik gorako ia herri guztietan 1.100dik gorakoa da intzidentzia tasa –Azpeitia da salbuespena–. Zarautzen atzeman zituzten atzo ere kasu gehien: 23. Kezkagarria da oso kostako herri horretako egoera; izan ere, azken zazpi egunetan, denera, 166 kasu zenbatu dituzte han, eta azken bi asteetan igoera izugarria izan du bertako intzidentzia tasak. Atzoko datuen arabera, 1.223,09koa da tasa, gaur-gaurkoz. Inguruko herrietako egoera ere larria da: Zumaian, esaterako, azken egunetako kasu gehien zenbatu zituzten atzokoan: 15. Hori dela eta, igoera nabarmena izan du hango intzidentzia tasak; 1.139,72koa da orain. Getarian lau kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia 1.448,76koa da.

Azkoitian, berriz, sei positibo atzeman dituzte, eta ilun dago kontua han ere, etengabe igotzen ari baita intzidentzia tasa: 1.385,3koa da gaur tasa hori. Orion, berriz, zazpi kasu berri atzeman zituzten atzo egindako probetan, eta 1.223,09ra igo da hango intzidentzia tasa. Aian eta Zestoan ere zenbatu zituzten kasu berriak, bat eta hiru hurrenez hurren, baina mantendu egin dira herri horietako intzidentzia tasak: 1.763,22koa da Aian eta 616,33koa Zestoan.

Gipuzkoa kezka iturri

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dituzten datuen arabera, 15.453 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta 1.198 lagunek eman zuten positibo; alegia, %7,7k. Positibo horietatik 120 Araban atzeman zituzten, 445 Bizkaian, 420 Gipuzkoan eta 196 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamazazpi lagunek ere eman zuten positibo atzokoan. Hego Euskal Herri guztiko datuak dira kezkgarriak, baina azpimarratzekoa da Gipuzkoan 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dagoela gaur egun eremu gorritik kanpo: Elgoibar, 251,30ko tasarekin.

Erietxeetako egoerari dagokionez ere, txarrak dira azken datuak. 117 ospitaleratze izan ziren atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta denera 553 lagun daude ospitaleratuta –apirilaren hasieran baino 187 gehiago–. Zainketa Intentsiboen Unitateetan dauden gaixoen kopuruak ere hazten jarraitzen du egunez egun; 158 lagun daude hiru lurralde horietako ZIUetan, gaur-gaurkoz.