Langile publikoak grebara deitu dituzte biharko, kontratazioen behin-behinekotasunaren kontra

Amaia Urbieta 2021ko api. 21a, 14:54
Martxoaren hasieran egin zuten sindikatuek deialdia. (@LABpublikoa)

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar Zestoan, 12:00etan. Azpeitian, besteak beste, hondakinen bilketan eragina izango du grebak, Urola Erdiko Mankomunitateko langileek bat egin baitute deialdiarekin.

Langile publikoen kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela iritzita, horren aurka egiteko grebara deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoak biharko. ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek egin dute deialdia, eta grebaren bidez negoziazio kolektiboa indartu dadila nahi dute, "Jaurlaritzatik hasi eta herri txikieneko udaleraino".

Urola Kostan, Zestoan deitu dute elkarretaratzea sindikatuek, 12:00etan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da mobilizaziorik izango, eta Donostian egingo da Gipuzkoako manifestazio nagusia, 11:30ean Bulebarretik hasita.

Sindikatuek, besteak beste, salatu dute grebaren deialdia argitaratu zenetik instituzioek ez dutela "negoziaziorako borondaterik erakutsi", eta euskal sektore publikoko behin-behinekotasun maila "guztiz onartezina" dela iritzi diote. "Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortuta dago esparru guztietan", adierazi dute. Gaineratu dute horren atzean instituzioen "zerbitzu pubikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko" asmoa dagoela.

Sindikatuek langile publiko guztiak animatu nahi izan dituzte biharko greba deialdiarekin bat egin dezaten, "herri honetako ia 60.000 langile publikok beren behin-behineko enplegua kontsolidatu dezaten".

Eragina herrian

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Haur Hezkuntzako eraikinean aritzen diren langileen %30,76k behintzat greba egingo dute bihar, eta baita Lehen Hezkuntzako eraikinean aritzen diren langileen %18,86k ere. Autobus, zaintza eta jangela zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.

Urola Ikastolako langileek, berriz, atzo, asteartea, egin zuten bozketa, baina kuorumik ez zuten lortu. Hori dela eta, "bozketa binkulantea ez denez", irakasle batzuk faltako dira bihar, baina eskolak "ahal den neurrian normaltasunez" emango dituztela jakinarazi dute.

Grebak eragina izango du Helduen Eskolan ere: izan ere, lau irakasletik hiruk grebarekin bat egingo dute.

Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere bat egin dute gaurko greba deialdiarekin, eta, ondorioz, hondakinen bilketan gutxieneko zerbitzuak beteko dituzte gaur: industriako atez ateko bilketa egingo dute eta herriko edukiontzien guneak txukunduko dituzte, edukiontziek gainezka egin ez dezaten; baina edukiontzirik ez dute hustuko gaur, eta merkataritzako atez ateko zerbitzurik ere ez dute emango.