Atzerritarrei aholkularitza eta laguntza juridikoa eskainiko die SOS Arrazakeria elkarteak

Julene Frantzesena 2021ko api. 21a, 11:36
SOS Arrazakeria elkarteko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak, Baigeran. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak eta SOS Arrazakeriakek elkarlanean jarriko dute martxan zerbitzua, atzerritik Azpeitira etorritako herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko eta horiei laguntza eskaintzeko. Ostiraletan eskainiko dute zerbitzua Baigera 1en, 10:00etatik 14:00etara. Besteak beste, bizileku eta lan baimenak, herritartasun ziurtagiria nahiz osasun zerbitzuetarako sarbidea lortzeko izapideak egiten lagunduko diete herritarrei.

Azpeitiko Udalak eta SOS Arrazakeria elkarteak zerbitzu berri bat jarriko dute martxan herrian: munduko txoko desberdinetatik Azpeitira etorritako herritarrei informazioa, aholkularitza eta laguntza juridikoa eskainiko diete. Aste honetan hasita, ostiralero eskainiko dute zerbitzua SOS Arrazakeriako adituek Baigera 1eko (Enparan kalea, 6) hirugarren solairuan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Zerbitzura jo nahi duten herritarrek aurrez hartu beharko due hitzordua, 943-24 56 26 edo 943-24 56 27 telefono zenbakira deituta.

Besteak beste, bizileku eta lan baimenak, herritartasun ziurtagiria nahiz osasun zerbitzuetarako sarbidea lortzeko izapideak egiten lagunduko diete hala nahi duten herritarrei, eta doako zerbitzu juridikoa ere eskainiko diete Gizarte Zerbitzuei lotuta martxan jarriko duten zerbitzuaren bidez. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Azpeitian gaur egun 1.433 bat atzerritar bizi dira, eta horiei oinarrizko eskubideak bermatzea eta laguntza eskaintzea dira proiektuaren xedeak. "Laguntza zehatza emango zaie, baina pertsona horiek Azpeitian integratzea da helburua".

Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, Azpeitia "gero eta anitzagoa" da, eta aniztasun horrek "behar berriak" sortu ditu. "Gizarte Zerbitzuetan hainbat kontutarako laguntza zehatza eskaintzeko beharra atzeman zen, eta horri erantzunez jarri dugu martxan zerbitzua". Hark esan duenez, zerbitzuak herritarren bizi kalitatean "eragin zuzena" izango du. "Laguntza honen bidez, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko egingo dugu lan, eta herritarren eskubideak bermatzeak beren bizi kalitatean zein egoera emozional eta fisikoan ere eragina izango du".