Azpeitiko hondakinen gaikako bilketa puntu bat igo da urtebetean

Julene Frantzesena 2021ko api. 20a, 15:02
Kaleko edukiontzi batzuk.

Urola Erdiko Mankomunitateak 2020an hondakinen %73 bildu zituzten gaika sailkatuta herrian; 2019an, berriz, %72. Azpeitiko datua mankomunitatea osatzen duten herrien batez bestekotik gora dago. Duela hamar urte Azpeitiko gaikako bilketa tasa %28,5ekoa zen. Eskerrak emanda, herritarrak hondakinen bereizketa hobetzeko ahalegina egitera animatu ditu udalak.

Urola Erdiko Mankomunitateak 2019an baino hondakin gehiago bildu zituen iaz gaika Azpeitian. Hala jakinarazi du Azpeitiko Udalak, iazko hondakinen bilketa datuak emateko kaleratu duen oharrean. 2020an, zehazki, hondakinen %73 bildu zituzten gaika sailkatuta herrian, 2019an baino puntu bat gehiago. Gainera, erakundeak azaldu duenez, Urola Erdiko Mankomunitatearen batez besteko datuaren gainetik dago Azpeitikoa: mankomunitateko herrietan, batez beste, hondakinen %71 jaso zuten gaika iaz.

Udalak eta mankomunitateak elkarlanean kudeatzen dute Azpeitiko hondakinen bilketa, eta erakunde biek azaldu dutenez, gaikako bilketa "bultzatzeko eta hobetzeko" martxan dituzten proiektuak nahiz herritarren "sentsibilizazio eta praktika onak" eragina izaten ari dira datuetan. Azken urteotako bilakaera "nabarmena" da udalaren eta mankomunitatearen arabera, eta hondakinen bilketa sistemaren aldaketa pauso "garrantzitsua" izan dela gogorarazi dute. Horri lotuta, azken hamarkadak utzitako datu bat eman dute bi erakundeek: duela hamar urte, 2011n, Azpeitiko gaikako bilketa %28,5ekoa zen. Beraz, hamar urtean, 45 puntu egin du gora herriko hondakinen gaikako bilketak.

Datuetan eman den aldaketaren harira, herritarrek azken urteotan egin duten lanean jarri du arreta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak eta Azpeitiko Udaleko Ingurumen batzordeburuak: "Herritarren praktika onak eta kontzentziak ere garrantzitsuak izan dira; izan ere, azken hamarkadan hondakinen gaiari lotuta, herritarrek izan duten sentsibilizaziorako eta aldaketarako gaitasunari balioa eman nahi nioke. Horregatik, herritarrak zoriondu eta horiei eskerrak eman nahi dizkiet". Hala eta guztiz, oraindik "gehiago egin daitekeela eta badela zer hobetu" uste du Bereziartuak, eta herritarrak hondakinen bereizketa hobetzeko ahalegina egitera animatu ditu.

Azpeitiko Udalak 2018ko otsailean ezarri zuen txipdun txartelen bidezko hondakin sistema herrian. Ordutik, txipdun txartel baten bidez zabaltzen dira herriko errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak. Bilketa sistema hura jartzean, hondakinen %70 gaika sailkatuta jasotzea lortzea jarri zuen helburutzat erakundeak.