Esklabetako oinarrizko produktuen biltegiaren ibilbidea izango dute hizpide bihar Sanagustinen

Maialen Etxaniz 2021ko api. 21a, 10:13

Oinarrizkotik oinarria aldatu kanpainaren barruan eskainiko dute solasaldia. Iraitz Elordi arituko da hizlari, eta aurreratu duenez, hizpide izango dituzte, besteak beste, oinarrizko beharrizanen inguruan egiten duten hausnarketa, pandemiaren aurreko testuingurua eta pandemiak utzi duenaz duten irakurketa, proiektuaren sorreraren faseak, hala nola ikerketa eta garapena eta aurrera begirako asmoak. Solasaldia 18:30ean hasiko da Sanagustinen. Zapatuan elkartasun azoka egingo dute plazan. 

Duela aste batzuk hasi zuen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Oinarrizkotik oinarria aldatu kanpaina. Azkoitian eta Zestoan geldialdiak egin ostean, aste honetan Azpeitian dituzte hitzorduak. Bihar, osteguna, Oinarrizko produktuen biltegia; urtebeteko ibilbidea hitzaldia eskainiko dute Sanagustin kulturgunea. Zapatuan, hilak 24, elkartasun azoka egingo dute Azpeitiko plazan, 12:00etatik 15:00etara. 

Biharko solasaldia 18:30ean hasiko da, eta Kontseilu Sozialistako kideak arituko dira hizlari. Iraitz Elordi azpeitiarra izango da solasean arituko den kideetako bat, eta hark eman ditu hitzaldiaren inguruko azalpenak. Elordiren hitzetan, hainbat gairen inguruan egindako hausnarketak eta irakurketak mahaigaineratuko dituzte biharkoan, Esklabetako oinarrizko produktuen bankuaren sorrera eta garapen faseetan sakontzearekin batera. 

Solasaldian aletuko dituzten gaiak zein izango diren aurreratu du Elordik: "Hasteko, sarrera bat egingo dugu, oinarrizko beharrizanen inguruan dugun ideia orokorra azalduz eta COVID-19 etorri aurretik egiten genuen irakurketa mahaigaineratuz. Ondoren, pandemiaren etorrerak utzi duen testuinguru ekonomikoa eta erabiltzen ditugun terminoak zergatik erabiltzen ditugun azaltzen saiatuko gara. Horren ostean, biltegiaren sorreraz hitz egingo dugu, eta proiektuaren hastapenak izan dituen fase desberdinak izango ditugu hizpide: ikerketa, sorreraren lehen pausoak, zailtasunak eta oztopoak, besteak beste. Sorreraren ostean garapenean sartuko gara, eta egindako urratsez arituko gara. Zein irakaspen atera ditugun eta proiektua zein oinarri politikoren baitan kokatu dugun ere azalduko dugu. Horrez gain, proiektuak izan beharreko garapena, lan-lerroak eta hemendik aurrerako erronak ere izango ditugu hizpide". 

Urratsez urrats

Gaur egun 140 boluntariotik gora dira Esklabetako oinarrizko produktuen biltegian parte hartzen dutenak askotariko lanak eginez. Elordik azaldu du "ikusten ez den lan ugari" dagoela proiektuaren atzean, eta hortaz ere arituko dira solasaldian. Egun, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako berrehundik gora laguni banatzen dizkiete oinarrizko produktuak. "Batzuei etxez etxe banatzen dizkiegu eskatutakoak, eta besteei Esklabetan bertan ematen dizkiegu produktuen loteak", adierazi du Elordik. Era berean, hartzaileetako asko boluntario ere badirela nabarmendu du: "Proiektua asko aldatu da urtebetean. Hasieran Azpeitian hasi zena berehala zabaldu zen eskualdera, baina hori ez ezik, hasieran hartzaile hutsak zirenak gaur egun boluntario ere badira. Hori zen hasieratik genuen erronketako bat: beharrak asetzeaz gain, elkartasun hori saretzea". 

Zapatuko hitzordua proiektua herriratzeko aprobetxatuko dute. Egitasmoaren sustatzaileek nahiz hartzaile-boluntarioek hainbat jaki prestatuko dituzte, eta horiek saltzeko postuak jarriko dituzte plazan. Era berean, informazio puntua ere jarriko dute, herritarrei ekarpenak egiteko informazio zehatza emateko.