Koronabirusa Azpeitian

Beste lau positiborekin, 500eko langaren mugan dago Azpeitia

Julene Frantzesena 2021ko api. 20a, 12:59

Atzoko datuen ondoren, 499,34an kokatu da intzidentzia metatuaren tasa herrian. Azpeitia bezala, Urola Kostako ia herri guztiak perimetralki itxita daude, eta positiboen kopurua goraka jarraitzen du eskualdean: 77 zenbatu zituzten atzokoan.

Herenegun bezala, atzo ere lau positibo hauteman zituzten Azpeitian, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur argitaratutako txostenaren arabera. Denera, azken zazpi egunetan 44 kasu zenbatu dituzte herrian. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa, berriz, 500eko langaren muga-mugan dago atzoko datuak gehitu ondoren: 499,34an kokatu da tasa hori.

Azpeitia bezala, Urola Kostako ia herri guztiak perimetralki itxita daude, eta positiboen kopurua gorakak goraka jarraitzen du eskualdean. Horixe da COVD-19aren pandemia egunotan Urola Kostan uzten ari den errealitatea, eta adituek jakinarazi dutenez, egun batzuetan behintzat halakoa izango da egoera.

Eskualdeko herrietan gauzatutako PCR eta antigeno probetan –ez dute zehazten herriz herri zenbat egiten dituzten–, orotara, 77 positibo atzeman zituzten atzokoan. Horietako gehienak, 28, Zarautzen detektatu zituen Osakidetzak, hamahiru Azkoitian, zortzina Orion eta Zumaian, zazpi Aian, sei Getarian, lau Azpeitian, bi Zestoan eta bat Errezilen.

Datu horiek tarteko, herriz herriko intzidentzia tasek ere gora egin dute: 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azkoitiak (1.376,95 da tasa), Zarautzek (1.186,45), Oriok (1.125,24) eta Zumaiak (1.017,6) dute 100.000 biztanleko hamalau eguneko kutsatze tasa altuena; 5.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, Aiak (1.723,22) eta Getariak (1.448,76).

Momentuz, eskualdeko hiru herri daude perimetralki itxi gabe eta neurri murriztaile gehiago ezarri gabe: Aizarnazabal, Beizama eta Errezil. Lehenengo bietan ez dute koronabirus kasu bat bera ere zenbatu azken hamalau egunetan, eta Errezilen 322 da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz.

Ospitaleratzeak gora

Hego Euskal Herriko egoera ez da batere ona, baina atzoko datuei erreparatuz gero, behera egin du positibotasun tasak. Nafarroan, guztira, 2.633 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta proba egiten duten 157 lagunek eman zuten positibo: hau da, %6k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 12.301 proba gauzatu zituen Osakidetzak, eta horietan 779 positibo detektatu zituen; hau da, proba egin zuten herritarren %6,3k eman zuten positibo. Tasa horiek behera egin badute ere, positibo kopuru oso altua atzeman dute Hego Euskal Herrian azken orduetan, baina milako langara ez da iritsi kopurua: orotara, 936 positibo detektatu dituzte azken orduetan.

Dena den, bada gora egin duen datu bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115 lagun ospitaleratu zituzten atzo, joan zen azarotik jasotako daturik txarrena. Egun, 524 lagun daude hiru lurralde horietako ospitaleetan, horietatik 154 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Nafarroan, berriz, hogei lagun ospitaleratu zituzten atzo, horietatik bi ZIUn. Orotara, 219 lagun daude egun Nafarroako ospitaleetan, COVID-19a tarteko –43 dira ZIUetan daudenak–.