Gipuzkoan energia jasangarritasunerako estrategia zabaltzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta eskualdeetako garapen agentziek

Julene Frantzesena 2021ko api. 20a, 08:14
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako garapen agentziatako ordezkariak –lehen lerroan, ezkerretik laugarrena da Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria–. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aldundiak martxan jarri duen proiektuaren helburua da iraunkortasun energetikorako estrategia komun bat bultzatzea. Begoña Beobide Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziako zuzendariak sinatu du hitzarmena, eta eskualdera 50.000 euro bideratuko ditu foru erakundeak: Euskadiko Energia Jasangarritasunaren Legea betetzeko ahalegina gauzatuko du Iraurgi Berritzenek.

Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 400.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako eskualdeetan energia planak bultzatzera, energia pobreziari aurre egitera eta energia eredu jasangarriak sustatzera. Gaur, astelehena, sinatu dute hitzarmena Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak zein Urola Erdia, Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena, Beterri-Buruntza eta Bidasoa eskualdeetako garapen agentzietako nahiz mankomunitateetako ordezkariek, eta han izan da, besteak beste, Begoña Beobide Urola Erdiko Iraurgi Berritzen garapen agentziako zuzendaria.

Hitzarmenaren helburua da, eskualdeetan energia planak bultzatuta, Gipuzkoako energia jasangarritasunerako estrategia zabaltzea; hau da, iraunkortasun energetikorako estrategia komun bat bultzatzea, Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murrizteko eta prebenitzeko, energiarekiko mendekotasun txikiagoa izateko eta CO2 gutxiago aireratzea errazteko. Aldundiko Ingurumen Sailak 50.000 euroko ekarpena egingo dio eskualde bakoitzari horretarako. Izan ere, Gipuzkoako eskualde guztiek beren energia plana izatea da Aldundiaren xedea: "Lurraldeko energia iraunkortasunerantz aurrera egitea, GK 2050 Gipuzkoako Klima Aldaketaren Estrategian ezarritako helburuekin bat. Orain arte, Gipuzkoako bederatzi eskualdek dute beren plana; orain, erronka da Urola Kosta eta Donostian sartzea, eta, modu horretan, lurraldearen %100 estaltzea".

Gipuzkoako 89 udalerritatik 83 izango dira proiektuaren jarduera eremua, eta eskualde horietako ordezkariak Energia Jasangarriaren eta Energia Pobreziaren Lurralde Mahaian daude ordezkatuta. Proiektuan parte hartzen ari diren eskualdeetako garapen agentziek eta mankomunitateek lau eremutan egingo dute lan, batez ere: energiari buruzko eskualdeko elkarrizketa sustatzea, udalekin koordinatuta; eskualdeko energiaren planifikazioa eta ekintza bultzatzea; eskualdeko Energia Mahaiaren dinamizazioa; eta Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Energia Pobreziaren Lurralde Mahaian integratzea. Eskualde bakoitzean ekintza jakin batzuk egingo dituzte, eta Urola Erdiko garapen agentziak, adibidez, Euskadiko Energia Jasangarritasunaren Legea betetzeko ahalegina gauzatuko du.