Zabalik da kultur sorkuntza beketara proiektuak aurkezteko epea

Julene Frantzesena 2021ko api. 19a, 15:36
Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidea eta Ainara LarraƱaga Azpeitiko Udaleko zinegotzia. (Azpeitiko Udala)

Kultur sortzaile gazteei eta berriei zuzendutako deialdia da bekarena, eta orotara, 20.000 euro bideratuko ditu udalak horretara: 12.000 euro izango dira sormen proiektuetarako, eta 8.000 euro sormen egonaldiak laguntzeko. Maiatzaren 14a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna.

Kultur sorkuntza beken seigarren edizioa jarri dute martxan Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean, bi erakundeek "kulturarekin eta kultur sorkuntzarekin duten konpromisoari eutsiz". Aurtengoan izango da berrikuntza bat: izan ere, sormen proiektuak laguntzeaz gain, kultur sorkuntza egonaldiak egiteko bi beka ere emango dituzte sustatzaileek. Herriko kultur baliabideak erabiliz, Azpeitian gutxienez sei asteko egonaldiak egiten dituztenei zuzenduko dizkiete bi beka berri horiek. Hain zuzen ere, launa mila euroko bi beka emango dituzte, sormen prozesuaren zein egonaldiaren gastuei aurre egiteko.

Kultur sortzaile gazteei eta berriei zuzendutako deialdia da bekarena, eta orotara, 20.000 euro bideratuko ditu udalak horretara: 12.000 euro izango dira sormen proiektuetarako, eta 8.000 euro sormen egonaldiak laguntzeko. Proiektuak aurkezteko azken eguna maiatzaren 14a izango da. Orain arteko edizioak "emankorrak" izan direla gogoratu dute udalak eta Kultur Mahaiak; izan ere, 30 sormen proiektu lagundu dituzte orain arte. Horrez gain, urtez urte proiektuen kalitatea "gora" egiten ari dela azpimarratu dute.

Askotariko kultur adierazpideei lotutako proiektuak aurkez daitezke beka deialdira, hala nola musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, zinema, komikia, soinua, ikus-entzunezkoak, konposizio digitala, dantza eta abar. Beka jasotzen dutenek, gainera, Dinamoa sormen guneko espazioak eta baliabideak erabili ahal izango dituzte proiektua gauzatzeko. Honako lotura honetan irakur daitezke deialdiaren oinarriak.

Aurten, gainera, sortzaile gazteei eta berriei eskaini nahi dizkiete baliabideak bekaren sustatzaileek. "Hilabete zailak izaten ari dira guztiontzat, eta nola ez, kultur munduarentzat. Horregatik, aurten, inoiz baino gehiago, kultur sorkuntzaren bidez norbere ideiak, kritikak, emozioak eta bestelakoak plazaratzera animatu nahi ditugu herritarrak”, adierazi du Ainara Larrañaga Kultura batzordeburuak. Hark azaldu duenez, sormen prozesuari "dagokion balioa eta duintasuna" emateko bidean "sakontzen" jarraitzen dute: "Ez dugu kulturarik gabeko herria ulertzen, eta horrek ezinbestean esan nahi du sortzaileen baldintzak hobetzeko eta haien ondoan egoteko apustua egitea dagokigula, herri bezala eta erakunde bezala".

Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak herriko sortzaileak beka deialdira aurkeztera animatu ditu: "Herrian kultura sortzeko, sustatzeko eta bultzatzeko baliabide publiko gero eta indartsuagoak ditugu. Urtez urte, bekara aurkezten diren proiektuetan ere nabari da herritarrak gero eta kalitate eta lanketa gehiago eskatzen duten proiektuak gauzatzeko nahia dutela. Uste dut hasiberrientzat aukera paregabea dela beren proiektua gauzatzeko baliabideak herrian bertan izatea, eta ausartzeko esan nahi diet horiei".