'Dehesa' dokumentala emango dute bihar, G-Naturaldiaren barruan

Julene Frantzesena 2021ko api. 20a, 08:34

Dehesa dokumentala 19:00etan hasita eskainiko dute, Soreasu antzokian, eta saiorako gonbidapena behar bada ere, doakoa izango da.

G-Naturaldiaren barruko bigarren film emanaldia izango da bihar, asteazkena. Dehesa dokumentala eskainiko dute, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian, eta saiorako gonbidapena behar bada ere, doakoa izango da. G-Naturaldia naturari buruzko jadunaldiak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen ditu. Aurreko astean Mountain filma eman zuten, eta hura bukatzean, hitzaldia eskaini zuen Edurne Pasaban mendigoizaleak.

Honako hau da iaz Espainian egindako Dehesa dokumentalaren sinopsia: "Inork gutxik ezagutzen duen Iberiar penintsulako toki bat erakutsi nahi du filmak; munduan parekorik ez duen basoa, non askotariko sentsazioak deskubri daitezkeen. Arteek, artelatzek eta erkametzek gudu zelaia eratzen dute, eta, bertan, belarjale handiek erronka jotzen diote elkarri; katamotz iberiar isilak zein arrano ikaragarriak ehizan aritzen dira, eta loreak kamuflaje harrigarriekin jantzitako harraparien ezkutaleku bihurtzen dira. Baina, horrez gain, urtero urrutitik joandako milaka bidaiari hartzen dituen leku atsegina ere izan daiteke basoa, paraje horietan izaten baitute neguko bizilekua. Izan ere, eguraldi epelagoa bilatzen dute, eta, horrekin batera, jakirik preziatuena: Dehesako urrea; hau da, ezkurrak".