Juaristi ISBk Urrezko LEB ligara igotzeko lehen urratsa egin du

Julene Frantzesena 2021ko api. 18a, 20:15
Gaurko partidako irudi bat. (Mikel Amenabar)

Azpeitiko kiroldegian jokatu dute Juaristi ISBk eta Bartzelona Bk Urrezko LEB ligarako igoera faseko joaneko norgehiagoka, eta etxeko taldeak 65 eta 59 irabazi du partida. Horrenbestez, datorren asteburuan sei punturen aldearekin joango da Azpeitiko eta Azkoitiko taldea Bartzelonara, itzulerako partida jokatzera.

Hitzordu garrantzitsua izan du gaur, igandea, Juaristi ISB taldeak Azpeitiko kiroldegian; izan ere, Urrezko LEB ligara igotzeko bidean lehen urratsa egin du Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak. Bartzelona B taldea izan dute aurrez aurre Iraurgiko gizonek, eta 65 eta 59 irabazi dute partida. Horrenbestez, datorren asteburuan sei puntuko aldearekin joango dira Iñaki Jimenezen mutilak itzulerako partida jokatzera, Bartzelonara. Pauso garrantzitsua eman du gaur taldeak, baina oraindik ez dago ezer erabakita; datorren asteburuko partida erabakiorra izango da; Bartzelona B-k edo Juaristi ISBk, bietako batek lortuko du Zilarreko LEB ligatik Urrezko LEB ligara igotzeko txartela.

Gaurko partidan gehiago izan da Juaristi ISB, baina bitan aurretik izan da Bartzelona B taldea: partidaren lehen laurdena 14 eta 15 amaitu da. Bigarren laurdenean aurre hartu dio markagailuan Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak; markagailua 31 eta 21 zela iritsi da partida atsedenaldira. Hirugarren laurdenean askoz ere saskiratze gehiago gauzatu ditu Bartzelona Bk, eta puntu baten aldearekin, Kataluniako taldeak aurre hartu dio ISBri (43 eta 44). Azken laurdenera, beraz, estu-estu iritsi da neurketa, baina Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak indarrak batu, eta 22 puntu saskiratu ahal izan ditu –15, berriz, Bartzelona Bk–. Horrenbestez, joaneko partida etxeko taldearentzat izan da. Partidako jokalari onena ISBko Buckingham izan da, hamalau puntu batuta.