Hiru puntuak poltsikoratu ditu Lagun Onakek

Aitziber Arzallus 2021ko api. 18a, 11:43
Lagun Onaken eta Urgatziren arteko atzoko partidako irudi bat. Aritz Azkuek lehen aldiz jokatu zuen hasierako hamaikakoan. (Otola)

Asteburu borobila izan da Lagun Onakeko lehen taldeentzat. Gizonezkoek Urgatzi talde arabarra hartu zuten atzo arratsaldean etxean, eta baita 3 eta 0 menderatu ere; emakumezkoek, berriz, 1 eta 5 irabazi zioten Urolari, Zumarragan jokatu zuten partidan.

Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailan jarraitzea du aurtengo denboraldiko helburu, eta hori lortzeko bidean urrats garrantzitsua egin zuen atzo arratsaldean Garmendipen: Urgatzi talde arabarrari 3 eta 0 irabazi zion, eta hiru puntuak poltsikoratzea lortu zuen talde azpeitiarrak.

Partida guztian etxekoak nagusi izan ziren arren, kostatu egin zitzaien aurretik jartzea. Aukerak bai ugari, baina ezin golik egin. Hutsean iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia ere antzerako hasi zuten. Presioan intentsitate handia nabari zitzaien Ander Avellanedaren mutilei, eta Urgatziri sufritzea tokatu zitzaion, baina kontrarioen atearen aurrean ez zuten asmatzen Lagun Onakeko jokalariek. Bigarren zatia aurreratuta zela, 70. minutuan etorri zen partidako aurreneko gola, Joanes Otamendik area barruan egindako erdiraketa Ekhi Gonzalezek errematatuta. Bigarrena, 85. minutuan egin zuen Beñat Urangak, jokaldi pertsonal batean; eta hirugarrena, 94. minutuan, Joanes Otamendik, kornerretik zuzenean. Horrenbestez, 3 eta 0 bukatu zuten partida.

Denboraldiko bigarren fasean sartuta, mailari eusteko lehian ari da Lagun Onak, eta fase horretan jokatu behar dituen hamar partidetatik bigarrena zuen atzokoa. Lehendabizikoa joan den asteburuan jokatu zuen Tolosan, eta irabazi egin zuen hura ere. Datorren asteburuan, berriz, Muskizen ariko da, Somorrostro taldearen kontra.

Beste garaipen bat emakumezkoentzat

Lagun Onakeko emakumezkoen lehen taldeak, Ohorezko Erregional Mailakoak, Zumarragako Argixao futbol zelaian jokatu zuen atzo arratsaldean, Urola taldearen kontra, eta baita 1 eta 5 irabazi ere. Denboraldiari hasiera ezin hobea eman diote azpeitiarrek, orain arte jokatu dituzten hiru partidak irabazita. Gaur-gaurkoz sailkapeneko lehen postuan da Lagun Onak, bederatzi punturekin.