Binakako Euskal Pentatloian parte hartuko dute Kepa Peñagarikanok eta Mikel Larrañagak

Aiora Larrañaga 2021ko api. 18a, 10:08
Binakako Euskal Pentatloiaren aurkezpena, Tolosako zezen plazan. (Tolosaldeko Ataria)

Guztira, gizonezkoetan hamabi bikote lehiatuko dira, eta lehen aldiz egingo den emakumezkoen txapelketan, berriz, hiru bikote. Peñagarikanok Gorka Etxeberria oriotarra izango du bikote, eta Larrañagak Goenatxo III.a azkoitiarra.

Maiatzaren 22an eta ekainaren 20an Binakako Euskal Pentatloia jokatuko da, eta atzo aurkeztu zituzten txapelketan parte hartuko duten bikoteak Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. Guztira, gizonezkoetan hamabi bikote lehiatuko dira, eta lehen aldiz egingo den emakumezkoen txapelketan, berriz, hiru bikote. Parte-hartzaileen artean, gainera, bi azpeitiar daude: Kepa Peñagarikano eta Mikel Larrañaga; lehenak, Gorka Etxeberria oriotarrarekin osatu du bikotea, eta, bigarrenak, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrarekin.

Bestalde, tartean badira eskualdeko beste hainbat kirolari ere: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a aiarrak, Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrak eta Jokin Eizmendi zarauztarra.

Gizonezkoen txapelketan kanporaketa maiatzaren 22an izango da, Tolosako zezen plazan, eta bertatik sei bikote sailkatuko dira finalerako. Ekainaren 20ean egingo dira gizonezkoen eta emakumezkoen finala, agertoki berean.

Parte-hartzaile guztiak

Hona hemen Binakako Euskal Pentatloia jokatuko duten parte-hartzaile guztien zerrenda: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a, Beñat Amade eta Aritz Irazabal, Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi, Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza, Kepa Peñagarikano eta Gorka Etxeberria, Ousmane Drame eta Mikel Agirre, Daniel España eta Julio Jimenez, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Mikel Larrañaga, Jon Gisasola Zelai V.a eta Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Xabier Urrutia eta Julen Kañamares, Aitzol Atutxa eta Inhar Urruzuno, eta Joxe Martin Bustinza eta Jokin Eizmendi.

Emakumezkoetan ondorengoak izango dira lehian: Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi, Garazi Arruti eta Lucia Orbe, eta Claudia Lucia Muñoz eta Julia Martinez.