Azpeitian jokatu dute Igeriketa egokituko Gipuzkoako Txapelketa

Izarraitz igeriketa elkarteko bi kirolarik parte hartu dute: Lander Uriak eta Nora Cagigalek. Nesketan, Ainhoa Elzaurdi izan da gaurko txapelduna; eta mutiletan, Richard Oribe.

Igeriketa egokituko Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute gaur goizean Azpeitiko Udal Igerilekuan. Osasuna babesteko segurtasun neurri guztiak hartuta, dozenaka kirolari aritu dira lehian; horien artean bi, Izarraitz igeriketa elkartekoak: Lander Uria eta Nora Cagigal. Lan polita egin duten arren, ez dute podiumera igotzerik lortu. Nesketan, Ainhoa Elzaurdik lortu du garaipena; Garoa Etxabek egin du bigarren, eta Aranzazu Aldayk hirugarren. Mutiletan, berriz, Richard Oribe izan da gaurko txapelduna; Kerman Urreta izan da bigarren azkarrena, eta Arkaitz Garcia hirugarrena.

Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak antolatu du gaurko txapelketa, Izarraitz igeriketa elkartearen laguntzarekin. Esker ona adierazi diote Azpeitiko Udalari, lehiaketa antolatzeko erraztasunak emateagatik; eta barkamena eskatu diete igerilekuaren erabiltzaileei, sortutako eragozpenengatik.

(Argazkiak: Joxemai Etxeberria - Izarraitz igeriketa elkartea)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide