Koronabirusa Azpeitian

Eremu gorrian sartu da Azpeitia

Aitziber Arzallus 2021ko api. 16a, 12:33

Atzo bost positibo baieztatu zituzten herrian, 47 izan dira aste guztian, eta 400eko langa gainditu du intzidentzia tasak; zehazki, 400,79koa da. Joan den ostiralean, berriz, 164,26koa zen. Asteburuan joera aldaketa nabarmenik izaten ez bada, asteartean itxi egingo dute herria eta neurri are murriztaileagoak ezarriko dituzte tabernen eta jatetxeen ordutegian eta barruko taldeko kirol jardueretarako.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena, eta inork nahi ez zuena baieztatu du: Azpeitiko intzidentzia tasak 400eko langa gainditu du eta eremu gorrian sartu da herria. Atzo bost positibo atzeman zituzten Azpeitian, 47 aste guztian, eta, gaur-gaurkoz, 400,79koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua; joan den ostiralean 164,26koa zen tasa. Itxura guztien arabera, asteburuan joera aldaketa nabarmenik izaten ez bada, asteartetik aurrera herria perimetralki itxi egingo dute, taberna eta jatetxe barrualdeak zabalik edukitzeko ordutegia mugatuko dute eta barruko taldeko kirol jarduerak are gehiago mugatuko dituzte. 

Eskualdeko panorama ere ez da batere itxaropentsua: atzo 69 kasu berri atzeman zituzten orotara, eta 396 izan dira azken zazpi egunotan zenbatutakoak. Eta Azpeitiko egoera txarra bada, okerragoa da 5.000 biztanletik gorako eskualdeko beste udalerrietakoa. Denak daude eremu gorrian, eta Azpeitikoa baino intzidentzia tasa altuagoekin. Tasarik altuena Azkoitiak du, 1.210,05ekoa, eta positiboen kopurua etenik gabe hazten ari da: atzo hamalau baieztatu zituzten han, eta aste guztian 99 izan dira. Zarautzen hemeretzi kasu zenbatu zituzten atzo, 112 aste guztian, eta 839,51koa da tasa. Orion, zazpi kasu berri atzeman zituzten atzo, 37 aste guztian, eta 831,70eko tasa dute. Eta Zumaian 702,15eko tasa dute atzo hamabi positibo baieztatuta; aste guztian 49 izan dituzte han. Azkoitia, Orio eta Zarautz itxita daude astearteaz geroztik, eta gainontzekoak datorren asteartean ixteko arriskuan.

5.000 biztanletik beherako herrietan neurri are murriztaileagoak ezartzeko beste irizpide batzuk hartzen ditu kontuan Eusko Jaurlaritzak, eta momentuz zabalik daude eskualdeko herri txiki guztiak, baina haietako batzuetako egoera ez da batere ona. Aian, esaterako, sei positibo zenbatu zituzten atzo, hamabost aste guztian; Getarian hiru atzo eta 25 astebetean; eta Zestoan hiru atzo eta 11 azken zazpi egunotan. Aizarnazabalgo, Beizamako eta Errezilgo egoera oso bestelakoa da. Errezilen positibo bat izan dute azken zazpi egunotan, eta Aizarnazabalen eta Beizaman bat bera ere ez.

Hego Euskal Herrian 1.115 positibo berri

Hego Euskal Herrian 12.824 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 1.115 positibo berri atzeman zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 10.067 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 916k eman zuten positibo, hau da, %9,1ek. Bezperan 8,7koa zen positibotasuna, eta beraz, eskualdean bezala, okerrera egin dute datuek hiru lurralde horietan ere. Araban 101 positibo atzeman zituzten atzo, Bizkaian 413 eta Gipuzkoan 389.

Nafarroan 2.757  proba egin zituzten atzo, eta 199 positibo berri atzeman dituzte. Positibotasuna %7,2koa da han gaur-gaurkoz (bezperan %7,4koa zen).

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 67 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19 birusagatik, eta guztira 433 lagun daude ospitaleratuta (hilabetea hasi zenean 308 zeuden). ZIUn, berriz, 132 pertsona daude ospitaleratuta (hilabete hasieran 93 pertsona zeuden zaintza intentsiboko unitateetan ospitaleratuta).