Hilaren 23an "sexuaren, sexualitatearen eta desiraren" inguruko formakuntza saioa eskainiko dute Neska* Gazteen Txokoan

Maialen Etxaniz 2021ko api. 16a, 09:00
Neska* Gazteen Txokoan egindako saio bateko irudia. (Emakumeen Txokoa)

Sustatzaileek azaldu dutenez, "konfidantzazko eta epairik gabeko" gunea sortu nahi dute, "sexuaz entzundako ideien inguruko zalantzak argitzeko eta eztabaidatzeko". Apirilaren 23an 17:00etatik aurrera eskainiko dute formakuntza saioa Emakumeen Txokoan, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. 

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak beste hitzordu bat prestatu du Neska* Gazteen Txokorako. Hilaren 23an, ostiralez, "sexuaz, sexualitateaz eta desiraz" hitz egiteko formakuntza saioa antolatu dute. Saioa 17:00etan hasiko da, eta Emakumeen Txokoan izango da. 

Sustatzaileek azaldu dutenez, "konfidantzazko eta epairik gabeko gunea" sortu nahi dute, "sexuaz entzundako ideien inguruko zalantzak argitzeko eta eztabaidatzeko"; izan ere, Emakumeen Mahaiko kideek uste dute badagoela jakinmina gaiaren inguruan: "Zer da sexua? Nola jakin dezaket maiteminduta nagoen? Sarketak min egiten al du? Bikote harreman bat hasteko zer egin behar da? Zer da orgasmo bat? Aldizkako bikote harremanak, nola kudeatu? Non dago klitoria? Porno asko ikustea txarra al da? Zer da normala sexuan? Ohikoa da horrelako galderak eta askoz gehiago izatea buruan". Gaineratu dute egunero "sexuaren inguruko mezu kontraesankor ugari" zabaltzen direla, eta uste dute ez dela arraroa gazteek zalantzak izatea. 

Saioan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, Emakumeen Txokoan edo 688 751 000 telefonora idatzita edo deituta. Izena emateko azken eguna apirilaren 22a izango da.