Iñaki Jimenez: "Urteko lanari dagokion saria da igoera fasea jokatzea"

Julene Frantzesena 2021ko api. 16a, 10:30
Iñaki Jimenez Juaristi ISBren entrenatzailea, kiroldegiaren atarian.

Urrezko LEB ligarako igoera faseari ekiteko prest da Juaristi ISB. Bartzelona B izango du aurkari Iñaki Jimenezen (Donostia, 1984) taldeak; lehen partida igandean izango da, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Erronkari heltzeko prest da taldea eta haren entrenatzailea.

Zilarrezko LEB ligako fase erregularra ezin hobeto bukatu du Juaristi ISBk: taldeko lider, 21 partida irabazita eta bost galduta. Denboraldi hasieran espero al zenuen halakorik?

Ez genuen espero, inondik inora, fase erregularra horrela bukatzea eta lortu dugun emaitza lortzea. Oso pozik gaude, aurten talde apalagoa sortu genuelako. Baina kideek izugarrizko lana egin dute egunero, eta igoera fasera sailkatzea izan da horri dagokion saria.

Denboraldiaren lehen faseaz zer balorazio egiten duzu?

Taldeak lan oso ona egin du entrenamenduetan. Lesio garrantzisurik ere ez dugu izan Many Suarezenaz aparte, eta aipatzekoak dira taldera batu diren jokalari berriak. Etxekoen artean lesio garrantzisu bat ere izan dugu; denboraldi-aurre oso ona eginda, Yerai Aizpitartek lesioa izan zuen horkatilan, eta kostatu egin zaio errekuperatzea.

COVID-19a dela eta, zalerik gabe jokatu dituzue partidak. Hutsune hori sumatu al duzue astez aste?

Bai, noski. Tristea da halako urte polita egin eta zaleak gurekin ez egotea nahiz horiek poz txiki batzuk bizitzeko aukerarik ez izatea. Izan ere, egin dugun denboraldiarekin jendeak gozatu egingo zukeen. Halere, beste modu batera, baina badakit jendeak gozatu egin duela partidak Internet bidez ikusita. Final baten atarian gaude eta zaleak izugarri sumatuko ditugu faltan, baina babes mezu asko ari gara jasotzen; badakigu zaleak sarearen beste aldean daudela.

Ikaragarria da lortu duzuena. Zertan asmatu duzue?

Talde oso gaztea daukagu, eta jokalari guztiek lanerako izugarrizko gogoa izan dute denboraldi guztian zehar. Herriko eta Gipuzkoako jokalariak oso ondo sartu dira taldean, eta hori nabaritu egin da. Horrez gain, talde giro oso ona izan dugu; eta denboraldiko bigarren itzuliko partidetan zorte pixka bat ere bai. Dena den, zortea aurkitu egin behar izaten da...

Ez duzue azken partidara arte itxaron behar izan igoera fasera sailkatzeko…

Bi partidaren faltan gurea zen sailkapeneko lehen postua, eta hori lortzeak badu meritua. Partida hura, Kantabriaren kontrakoa, oso gogorra izan zen; izan ere, luzapenean lortu genuen garaipena. Baina berri oso-oso pozgarria izan zen, zalantzarik gabe.

Urrezko LEB ligarako igoera fasea jokatuko duzue. Zer aukera dituzue mailaz igotzeko?

Bi aukera izango ditugu: Bartzelona B-ren kontra jokatuko dugun joan-etorriko finala irabaztea edo bigarren igoera fasea jokatzea. Finala irabazten duenak Urrezko LEB ligarako txartela eskuratuko du, eta talde hori izango da 2020-2021 denboraldiko Zilarrezko LEB ligako txapelduna. Bartzelona B-ren kontrako finala galduz gero, berriz, beste zazpi talderekin batera jokatuko dugu igoera fasea. Beraz, lehen aukera galduz gero, beste bat izango dugu mailaz igotzeko.

Bartzelona B izango duzue aurkari lehen saiakeran. ISBk badaki zer den Kataluniako taldeari irabaztea. Izan ere, urtarrilean Zilarrezko LEB Ligako Kopa irabazi zenuten talde horren aurka. Nola ikusten duzu aurkaria?

Talde oso indartsua da, eta talentu izugarridun jokalariak ditu: besteak beste, Euroligan jokatzeko fitxatutako jokalari batzuk dituzte. Zalantzarik gabe, oso gogorra izango da lehia. Pentsa, Kopako finalaren lehen laurdenean markagailuan 22 puntu azpitik izan ginen... Ikaragarrizko kalitatea du Bartzelona B-k.

Eta nola dago Juaristi ISB igoera fasearen atarian?

Taldea ondo dago. Denboraldiko lehen itzulian bi partida galdu genituen, eta bigarren itzuli oso ona gauzatu dugu, hiru partida soilik galduta. Urte oso ona ari da izaten, eta igoera faserako oso gogotsu gaude.

2019-2020 denboraldian hartu zenuen ISBko gizonen lehen taldearen gidaritza. Ordutik bi kopa irabazi ditu taldeak. Bide onean doala esango al zenuke?

Ez dago ondo nik esatea, baina uste dut bide oso polita ari garela egiten. Asko ari naiz gozatzen taldearekin.

Igoera fasea jokatzea berezia al da zuretzat?

Bai, oso berezia da, zalantzarik gabe. Urte guztian egindako lanari dagokion saria da igoera fasea jokatzea. Polita izango da ziur, eta gure maila zenbaterainokoa den ikusteko aukera paregabea izango dugu.

2019an, Lolo Encinasekin, ere jokatu zuen ISBk Urrezko LEB mailarako igoera fasea, baina ez zen sailkatu. Arantza hori kentzeko abagunea izango duzue oraingoan…

Orduko igoera fasea beste formatu batean jokatu zuten, eta ez dira asko taldean jarraitzen duten orduko jokalariak. Dena den, orain taldea osatzen dugunok erronkari heltzeko gogoz gaude: gure bidea ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara.

2017-2018 denboraldian lortu zuen Sammic ISBk Espainiako Urrezko LEB ligara igotzea, baina denboraldi bat eginda, mailaz jaitsi zen. Berriz ilusioa piztea espero al duzu?

Ilusio handia egiten digu mailaz igotzeko aukera izateak, eta pena handiena da ilusio hori zaleekin gozatzeko aukerarik ez izatea. Iker Buenoren taldeak 2018-2019 denboraldian egin zuena izugarria izan zen, eta saiatuko gara zaleen artean orduan piztu zen ilusioa pizten. Aukera aprobetxatzen saiatu behar dugu.

Igandean Azpeitiko kiroldegian jokatuko duzuen partidarako prest al zaudete?

Prest gaude, bai. Azken entrenamenduak ahalik eta ondoen egingo ditugu, jokalari denak igandeko joaneko partidara fisikoki ahalik eta ondoen irits daitezen. Mailaz igotzea lortzen badugu, izugarria izango da, eta orduan beste erronka batzuk etorriko dira, baina bien bitartean bideaz gozatzen eta finalari ahalik eta ondoen aurre egiten ahaleginduko gara.