Sektore publikoko aldi baterakotasunaren kontra, elkarretaratzea egin dute

Aitziber Arzallus 2021ko api. 15a, 11:29
Gaur herriko plazan egin duten elkarretaratzea. (Eli Aizpuru)

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek deitu dituzte langile publikoak mobilizatzera. Elkarretaratzea 10:00etan izan da, herriko plazan. Apirilaren 22an, berriz, greba egiteko asmoa dute.

Sektore publikoko aldi baterakotasuna salatzeko eta zerbitzu publiko indartsuagoak eskatzeko, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute herriko hainbat langile publikok. Apirilaren 22rako, berriz, grebara deitu dituzte.  

Sindikatuen ustetan "onartezina" da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoek bizi duten egoera. 60.000 langile aldi baterako kontratuekin ari dira lanean; sektore publikoan ari diren langileen %40, hain zuzen. "Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortua dago esparru guztietan". Datu horiek "agintariek zerbitzu publikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko egindako apustu argiren ondorio zuzenak" direla gaitzetsi dute, eta kaltetuak langileak eta herritarrak direla, "langile publikoen lan eta bizi baldintzak prekarizatzeaz gain, asko kaltetzen duelako ditugun zerbitzu publikoen kalitatea.

Sindikatuen iritziz, gaineran, erakunde publikoek "ez dute borondaterik" arazoa irtenbidean jartzeko, "inolako borondaterik ez dute herri honetako zerbitzu publikoak egunero aurrera ateratzen dituztenentzat eta pandemiari aurre egiteko dena ematen ari direnentzat irtenbide egokia bilatzeko". Horren adibidetzat aipatu dute, martxoaren 1etik, greba deialdia argitaratu zutenetik, Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek ez dutela negoziatzera esertzeko asmorik adierazi.

Horregatik guztiagatik, erakunde publikoen aldetik jarrera aldaketarik sumatu ezean, aurrera egingo dute apirilaren 22rako deitutako greba deialdiarekin, eta atariko gisa, gaur elkarretaratzeak egin dituzte eta egingo dituzte zenbait herritan. Mobilizazio horiekin, "sektore publikoko aldi baterakotasunari aurre egiteko neurriak hartzeko, egoera horretan dauden 60.000 langileen enpleguak egonkortzeko, enplegu publikoa sortzeko eta zerbitzu publikoak desegiteko apustua alboratzeko" eskatuko dizkiete erakundeei eta alderdi politikoei.