Erreportajea

Arrakalarekin amaitzeko, sarea

Anartz Izagirre 2021ko api. 25a, 10:05
Pedro Oiarzabal eta Gema Uria, Enparan dorretxeko KZgunean. (Anartz Izagirre)

Digitalizazioak, onurak ez ezik, buruhausteak ere ekarri dizkie hainbat herritarri. Izapideak telematikoki egiten diren garaiotan, agerian gelditu dira arrakala digitalaren albo kalteak, eta KZ guneak gabezia digital horri aurre egiteko formakuntza eta aholkularitza eskaintzen ditu. 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Gailu teknologikoz inguratuta bizi gara, eta egun ez dugu eskuko telefonorik, ordenagailurik eta Internetik gabeko gizarterik imajinatzen. Halako tresnak bizitza osoan gure artean egon izan direla dirudien arren, digitalizazioa ez da hain kontu zaharra. Duela gutxi ar te ez zen hain ohikoa etxean ordenagailua eta Interneta izatea, lehengo sakelakoek antenadun aparailu zaharkituak dirudite egun, eta sare sozialen beharrik gabe jendeak harremanak sortzeko beste gune batzuk erabiltzen zituen.

Digitalizazioak eta garapen teknologikoak onurak ekarri dizkiete askori; beste batzuek, ordea, kalteak gehiago direla diote. Kontuak kontu, gero eta ohikoagoa da unibertsitateko beka zein erakundeetarako laguntza eskaerak telematikoki egitea, baita egunkaria sarean irakurtzea, ikasleek klaseak online jasotzea eta urrun bizi diren lagunekin bideo dei bidez hitz egitea ere. Horrek guztiak eragina du bereziki adin batetik gorako jendearengan, eta arrakala digitala kontzeptua gero eta ezagunagoa bilakatu da jendartean. Asko dira erabiltzaileen zalantzak, beldurrak zein zailtasunak, eta horiei sarritan ezinezko zaie sarearen aurrean babesgabe ez sentitzea.

KZgunea telezentroen sare publikoak hogei urte daramatza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrakala digitala desegiteko lanetan. 2001ean egin zituen lehen urratsak, eta ordutik hiru lurralde horietako udalerri guztietan du zentroa; tartean, Azpeitian. Bitarte horretan, behar digitalek ez ezik, KZguneak berak ere bilakaera handia izan du, eta erruz aldatu da telezentroen eguneroko jarduna. Enparan dorretxean du egoitza Azpeitiko KZguneak, eta Gema Uria (Azpeitia, 1978) da hango hezitzailea. Haren arabera, "asko" aldatu dira herritarren beharrak azken hogei ur teetan: "Lehen jendeak ez zuen ordenagailurik etxean, eta KZgunera joaten zen nabigatzera. Ni neu, adibidez, erabiltzailea izan nintzen hemen lanean hasi aurretik, unibertsitateko lanak egitera etortzen nintzen hona". Testuingurua desberdina zen orduan, baita KZgunearen jarduera ere: "Internet erabiltzen ikastea, posta elektronikoa kontrolatzea... halako ikastaroak egiten ziren orduan. Gaur egun ere mantentzen ditugu halakoak, baina eskuko telefonoarekin erlazioa duten saioak ere asko ugaritu dira; esaterako, Google aplikazioak erabiltzen ikasteko saioak".

Uriak dioenez, sinadura digitala lortzeko hartzen dute ordua KZgunean erabiltzaile askok gaur egun: "Administrazio izapideak egiteko sinadura digitala eskatzen dute egun hainbat erakundek, eta jende asko horren bila etortzen da". Horrez gain, Osakidetzarekin duten harremana azpimarratu du KZguneko hezitzaileak: "BakQ tresnarekin, erabiltzaileek mediku txostenak, Osakidetzako hitzorduak eta analisien emaitzak ikus ditzakete sarean; horrek asko errazten ditu herritarren hainbat izapide, eta gai horren inguruko saioak eskaintzen ditugu". Horrez gain, aurrez aurreko zein urruneko dozenaka ikastaro eskaintzen dituzte, eta adin guztietako erabiltzaileek parte hartzen dute horietan: "Oposizioak egiten ari direnek IT txartela ateratzeko ikastaroak egiten dituzte. Bestalde, jende heldua ere etortzen da ikastaroak egitera. Garai batean jende asko nabigatzera etortzen zen, baina gaur egun oso jende gutxik du behar hori".

Urte luzez KZguneko erabiltzaile izan den herritarretako bat da Pedro Oiarzabal (Azpeitia, 1947). 2007an egin zen hango erabiltzaile, eta, ordutik, hainbat ikastarotan parte hartu du. "Gauza berriak ikasteko gogoa" zuelako egin zen azpeitiarra KZguneko erabiltzaile: "Duela hamalau urte hartu nuen erretiroa, eta orduan hasi nintzen gailu teknologikoak erabiltzen". Hasieran, ordenagailua nola erabili ikasten hasi zen; gaur egun, ordea, sakelakoa ere erabiltzen du, eta "oso ondo" moldatzen dela dio. Besteak beste, genealogiarekin lotura duten plataformetan ibiltzen da: "Family Search, My Heritage eta halako guneak bisitatzen ditut. Horrez gain, ikastaro berriak ateratzen dituztenean, lekua dagoen guztietan ematen dut izena".

Gabezia digitalak agerian

Uriaren arabera, arrakala digitalak helduei eragiten die gehienbat: "Adin nagusiko jende asko konturatzen da gero eta hutsune digital handiagoa duela, eta horrek atzerakada eragiten die horiei. Gainera, une batzuetan mugatuta ikusten dute beren burua; adibidez, banketxera joaten direnetan eta". Oiarzabal bat dator: "Niretzako aldaketa ikaragarria izan da gailu teknologikoak erabiltzen ikastea. Nire adineko jende askok ez du ikasi nahi, ez direlako teknologiarekin moldatzen edo ez dutelako moldatu nahi. Nirekin ikastaroa egin duten asko eskuko telefono zahar batekin etortzen dira ikastaroa egitera, eta noizko piztu sakelakoa... Iruditzen zait adinekook erreminta onak behar ditugula eskura; horrek ematen dizu gehiago ikasteko gogoa".

Txanponaren beste aldean, ordea, KZguneko erabiltzaile diren "adineko jende asko" dagoela azaldu du Uriak: "KZgune batzuetan 70 eta 80 urtetik gorako jendea ere ibiltzen da ikastaroak egiten, eta batzuek sare sozialak kontrolatzen eta guzti ikasten dute. Beharbada, dena ez dute ikasiko, baina gailu teknologikoak erabiltzeko lain ikasten dute behintzat". Oiarzabal da sare sozialak kontrolatzen dituen erabiltzaileetako bat: "Facebook, Instagram, Twitter eta WhatsApp sare sozialak behintzat erabiltzen ditut". Gai horren harira, Uriak dio "zaila" dela teknologia arloan eguneratuta mantentzea: "Lehen Facebooka zuen mundu osoak, gero Instagrama izan zen, eta orain, berriz, Tik Toka. Oso azkar aldatzen dira joerak, eta beti egongo da arrakala zentzu horretan".

Bestalde, osasun krisiak arrakala digital hori areagotu egin duela azaldu du Uriak: "Adituek esaten duten pandemia dela-eta bospasei urte aurreratu dela digitalizazioaren prozesua. Beraz, lehen salto handia bazegoen, orain are handiagoa dago. Digitalizazioa abiada handian doa aurrera, eta norbera ez bada zulo horri aurre egiten ahalegintzen, gero eta zulo handiagoan sartzen da". Ildo beretik, Uriak dio adin nagusikoek ez ezik, besteak beste, eskoletako haurren gurasoek ere bizi izan dutela gabezia digital hori: "Unibertsitateko bekak eskatzerakoan, esaterako, ikasleek guztia telematikoki egin dute 2020an. Guraso asko etorri zitzaizkigun galdetzera bide hori segurua al zen. Iruditzen zitzaien online eginda zerbait gaizki egiteko aukera handiagoa zutela".

KZguneak 2020ko martxoan ateak itxi behar izan zituen gainontzeko zentro publikoen moduan, eta aurrez aurreko ikastaroak eta aholkularitza bertan behera utzi zituzten. Zentzu horretan, presentzialki erabiltzaile gehiago izan ez dituzten arren, azken urtebetean urruneko ikastaroetako erabiltzaile kopurua "bikoiztu" egin dela dio Uriak: "Antzeman dugu jende gazte askok jo duela gugana. Aurrez aurreko ikastaroez gain, bideokonferentzia bidez hainbat saio eta ikastaro ematen ditu KZguneak, eta erabiltzaileak bikoizteaz gainera, Euskadi osoan %10 igo da ikastaroak amaitu dituztenen portzentajea". Urtebete geroago, aurrez aurreko ikastaroak berreskuratu dituzte dagoeneko KZgunean, nahiz eta edukiera murriztu behar izan duten: "Lehen zortzi pertsonako edukiera genuen, eta orain seikoa. Horrez gain, protokoloak bete beharrak ere beste hainbat eragin izan ditu gure eguneroko jardunean".

Zibersegurtasuna eta aztarna digitala

Herritar askori eragiten dien digitalizazioaren beste albo kalteetako bat da zibersegurtasunaren eta aztarna digitalaren auzia. Uriaren arabera, "normala" da jendeak segurtasunaren inguruko kezka izatea: "Mundu paralelo baten modukoa da sarea, eta bizitzan hartzen ditugun neurri berberak hartu behar ditugu sarean ere; adibidez, komeni da pasahitzak inori ez ematea". Oiarzabalek aitortu du berari ere "errespetua" eragiten diola gai horrek: "2007. urtean erosketak online egitera ohitu izan banintz, egun beharbada ez nukeen beldur hori izango, baina ez zen hala izan, eta errespetua ematen dit sarean ordainketak egiteak". Auzi horren harira, Uriak dio KZgunean hainbat formakuntza eskaintzen dituztela, eta ordaintzeko askotariko alternatibak azaltzen dizkietela erabiltzaileei: "Badaude seguruagoak diren beste ordainketa metodo batzuk; adibidez, aurreordainketako txartelak". Era berean, "mundu errealean" ere halako beldurrak izan ohi direla nabarmendu du azpeitiarrak: "Erosketak online egiterakoan ez ezik, denda fisiko batean erosterakoan ere sortzen zaizkigu beldurrak. Adibidez, txartelarekin ordaintzen uzten ez badigute edo produktuak itzultzea onartzen ez badute, mesfidantza eragiten digu leku horrek. Sarean ere jendeari gauza bera aholkatzen diogu, jarraibide berberak kontuan izatea".

KZguneko hezitzailearen arabera, sarean nabigatzerakoan gazteek adin nagusikoek baino beldur gutxiago izan ohi dute: "Gazte asko sare sozialekin jaio dira, eta batzuetan ez dute ikusten pantailaren bestaldean arriskutsua izan litekeen norbait egon daitekeela. Lanketa handia dago egiteko, eta guraso asko beren seme-alabek egiten dutenaren beldur dira". Ildo horretatik, Uriak dio erabiltzaile asko ez direla konturatzen sarean uzten den aztarna digitalaz ere: "Facebookek, adibidez, ospe txarra bereganatu du erabiltzaileen informazioarekin negozioa egiten duela zabaldu delako. Sare sozialetan gaztetxoek ez dute ikusten aztarna digitalak eragin dezakeen kaltea zer-nolakoa den".

Uriaren ustez, "oso zaila" da arrakala digitalarekin amaitzea, eta, horretarako, norberak izan behar du ikasteko interesa: "Batetik, batzuek ez dutelako ikasi nahi, eta, bestetik, digitalizazioa abiadura handian doalako, baina arrakala digitalarekin amaitzea oso zaila iruditzen zait. Erakundeek ordenagailu onak eta nabigazio azkarra eskainita ere, norberak bere partetik jarri behar du ikasteko gogoa". Oiarzabal ere bat dator: "Adineko jende asko dago ikasi nahi ez duena, eta horiek animatzeko biderik egokiena ordenagailu nahiz sakelako telefono onak eta horiek eguneratuta izatea da".