Espetxe sistemak emakumeengan duen eraginaz solasaldia izango da Emakumeen Txokoan

Julene Frantzesena 2021ko api. 15a, 08:00
'Argi izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko' liburuaren hiru egileak.

Hilaren 21ean, asteazkena, eskainiko dute solasaldia Oihana Etxebarrietak eta Maria Ruizek, Argi izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko liburuan ardatz hartuta. Solasaldira joateko aurrez izena eman behar da.

Argi izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko liburua oinarri hartuta, kartzela sistemak emakumeengan dituen eraginen inguruko hitzaldia izango da datorren astean Emakumeen Txokoan.18:30ean hasita, solasaldia eskainiko dute Oihana Etxebarrietak eta Maria Ruizek.

Bi horiek eta Laura Varak 2019an argitaratu zuten liburua, eta han jasotako ideiez-eta hausnartuko dute hilaren 21ean. Hain zuzen ere, kartzela emakumeentzat androzentrikoa, sexista eta diskriminatzailea dela adierazi dute solasaldiaren antolatzaileek; "gizonek gizonentzat sortutako egitura".

COVID-19ari aurre egiteko babes neurriak betetzeko, solasaldira joan nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute. Hain zuzen ere, emakumetxokoa@azpeitia.eus e-posta helbidera mezua idatz edo 688 75 10 00 telefono zenbakira dei dezakete horiek.